Iazko modura, kalera aterako dira, berriro ere, Arantza Zuluetaren lagunak, kartzelan jasatzen duen isolamendu egoera salatzeko. Lagunek jakitera eman dutenez, 18 hilabete daramatza isolamenduan abokatuak, eta egoera hori kaleratzeko enkartelada deitu dute haren lagunek.

Arantza Zuluetaren isolamendua salatzeko Lekeition egindako elkarretaratzea.
Bihar 18:30ean egingo dute enkartelada udaletxe aurrean hasita, eta Independentzia plazara eta Talara ere eramango dute salaketa.
Arantza Zulueta Puerto III espetxean dago berriz ere. Ekainaren 6an atera zuten Madrileko (Espainia) Estremera kartzelatik, eta, berriz ere, Cadizeko (Andaluzia, Espainia) Puerto IIIra eraman zuten. «Gizonezkoen modulu batean dagoen emakume bakarra izanik, guztiz bakarturik dago, eta ezin du egun osoan inor ikusi» gogora ekarri dute Zuluetaren lagunek.