Esklerosi Anikoitzaren alde bustiko dira herritarrak hondartza eta igerilekuetan
Hamazortzigarren urtez, Busti Zaitez kanpaina abiarazi du Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak, esklerosi anikoitza dutenen alde igeri egiteko. Etzirako jarri du hitzordua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait hondartza eta igerilekutan. Aurreko urteetan legez, Lea-Artibai eta Busturialdeak ere bat egingo dute ekinenagaz.
Hain zuzen, Bermeon, Elantxoben, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mundakan eta Ondarroan elkartuko dira gaitz horren aldeko igeriketan. Halaber, leku horietan, esklerosi anikoitzari buruzko informazioa ere jaso ahalko dute herritarrek.
Pozik agertu ziren iaz antolatzaileak kanpainak izandako «arrakasta handiagz»; izan ere, aipatu zutenez, 110.000 parte hartzaile izan zituen orduan. Eta horiek guztiek, guztira, 1.400.000 metro igeri egitea lortu zuten.
Hala, aurten ere, gaixotasun hori ezagutzera emateko ahalegina egingo dute, eta, horrez gain, dirua lortzea ere izango dute helburu, «errehabilitazio zentrua mantentzeko».
EGITARAUA
Lekeitio. Isuntza hondartzan, 10:00etatik 14:00etara.
Markina-Xemein. Kiroldegian, 10:00etatik 14:00etara.
Ondarroa. Arrigorri hondartza ondoko zubi ondoan, 10:00etatik 18:00etara