Gogobetetze maila handia dute kiroldegiko erabiltzaileek
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kirol ekintzetako erabiltzaileen artean egindako inkesta baten arabera, erabiltzaileen batez besteko gogobetetze maila 8,1 puntukoa da. Datua «oso positiboa» dela esan du Kirol Patronatuak; hala eta guztiz ere, aha...
Araneko kiroldegiko kudeaketa hobetzeko helburuagaz egin dute inkesta. Kirol ekintzetan parte hartzen duten erabiltzaileei hainbat alorrei buruzko galderak egin dizkiete: ekintzei buruzko informazioaz, izena emateko prozeduraz, antolaketaz, kopuruaz, ordutegiaz eta prezioaz galdetu diete, bestek beste.
Baloraziorik txarrena kirol guneak eduki du. Honetan kiroldegiko tenperaturaz, antolamenduaz edo akustikaz galdetzen zutela diote Kirol Patronatukoek, eta erabiltzaileek 5,5 puntu eman dizkiote. Emaitzarik onena, aldiz, 8,5 izan da. Hala baloratu dute erabiltzaileek kiroldegiko monitoreen gaitasun profesionala.
Kanpainari buruz jasotzen duten informazioaz eta izena emateko prozeduraz galdetuta, 6,8ko puntuazioa eman dute biengatik erabiltzaileek. Ikastaroak antolatzeko moduak, prezioak eta garbitasunak 6,5eko puntuazioa jaso dute, jardueren kopuruak 6,3; ordutegiak 5,9; material osagarriak 6,6 eta langileek eskaintzen duten arretak, berriz, 7,2.
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuaren arabera, datu horiek oso onak badira ere, oraindik hobeak izateko ahalegina egin behar dute. «Horretarako lanean jarraituko dugu».
Udako kanpaina martxan dagoela gogorarazi dute.