Valladoliden lehiatu den Espainiako kadete mailako txapelketan zazpigarren postua lortu du Ainara Mugartegi Solozabal markina-xemeindarrak. Orain dela sei astera arte Eskola Kirolean aritu den Markina-Xemeingo atletarentzat asteburu honetakoa izan da bere estrenaldia federatuen artean, eta izugarrizko maila erakutsi du.

Ainara Mugartegi Solozabal atleta. Argazkia: Juan Ignacio Sampedro
Parte hartzaile guztien artean, berea, 17. marka zen: 47’48, 300 metro hesietan, eta paperaren gainean ez zeukala finalera heltzeko aukerarik azaldu du Durango Kirol taldeko Juan Ignacio Sampedrok: «Zortzi parte hartzaileen artean berea zen seigarren marka onena. Bi sailkatzen ziren finalerako, eta aurreikuspenek ezinezkoa ematen bazioten ere, izugarrizko lasterketa egin eta bere markari ia segundo bateko haginkada eginez, bigarrena heldu eta finalerako sailkatu zen».
Bezperako nekea nabaritu zuen, baina, Ainara Mugartegik domekan, hala ere, 46’92 denboragaz, zazpigarrena sartu zen helmugan.