Mutrikuko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, Olatz auzoan dagoen eulien arazoari ahalik eta epe motzenean “irtenbide egokia” eman nahi dote. Horretarako, euren gain dauden aukera guztiak aztertuko dituztela, eta gainontzeko erakundeei ere beraien inplikazioa eskatuko dietela nabarmendu dute. “Orain aste gutxi alkatetzara iritsi ginenetik, gai honi erabateko lehentasuna eman diogu, eta horren erakusle, eguenean [uztailak 9] ospatu genuen bilera da”.

Olazko bizilagunak euliekin protestan
Aurreko astean egindako batzarrean udaleko politikari eta teknikariez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetako ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza sailekoak eta Basa Fauna eta Flora saileko teknikariak ere egon ziren. “Aurreko agintaldian ere egin zen antzeko bilera bat, baina oraingo honetan inplikatze handiagoa eta neurri zehatzak eskatu dizkiegu erankudeei”.
Hartara, hartuko dituzten lehen neurrien artean bisoi haztegiko jabeei neurri zorrotzagoak eskatzeko asmoa dutela jakitera eman dute udal ordezkariek. “Hauek betetzen dituztenaren jarraipen zehatza egingo dugu. Bisoi haztegiko jabeen aldetik, dagoen arazoaz jabetuta, garbitasun maiztasuna handitu zuten aurreko astean, eta horretarako bi langile berri kontratatu dituzte. Dinamika hau urte osora zabaltzea nahi genuke, eta ez zerbait puntuala izatea”.

Olazko bisoi haztegia
Era berean, neurri berriak ezartzeko asmoa dutela ere azpimarratu dute. Hain zuzen ere, azken hileotan azterketa biologikoak egin dituzte bisoi haztegian, eta haien emaitzen zain jarraitzen dute. “Orain arte eskatu zaizkien neurriak esan dezakegu neurri handi batean behintzat, bete dituztela jabeek. Orain ordea, neurri berriak ezarri nahi dira aurrez eskatutakoak nahikoa ez direlakoan, eta behin zehaztuta ditugunean, beraiekin hitz egin beharko dugu neurriak ezartzeko”.