Domeka goizeko hamaiketan hasi ziren maila desberdinetako lasterketak, adinen arabera banatuak, eta denetara, 8 eta 13 urte bitarteko 186 txirrindulari elkartu ziren.
Markina-Xemeinen egin zen Eskolarteko Txirrindulari lasterketa. Txirrindulariak irtetzeko prest. Argazkia: Jabi Gorbea
Zirkuito berria antolatu zuen Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. Horrela, Artibai, Beko Benta, Barroeta futbol zelaia eta Arretxinaga igaro zuten txirrindulariek Lea Artibai Ikastetxe paretik hasi eta amaituta. Zirkuitua erabat arrakastatsua izan dela jakitera eman dute antolatzaileek. Izan ere, ikusle asko egon zen zirkuitoak izan dituen 1,7 kilometroetan zehar. Erorketaren bat egon bazen ere, lasterketa guztiak giro onean egin ziren.
“Markina-Xemeingo Txirrindulari elkarteko partaideak maila ona eman dute, aipatzekoak dira infantiletan bizkaiko txapelduna den Egoitz Aranzetaren garaipena, zein Alex Unzueta eta Gaizka Ansolaren laugarren postuak bakoitzari dagozkion mailetan”, nabarmendu dute antolatzaileek.
[nggallery ID=273]