Joan den domeka egun handia izan zen Iturreta auzokoentzat; auzoko ermitako eguna, Kristobal Deunaren jaiak ospatu zituzten-eta egun osoan. Egitekorik ez zen falta izan, eta auzotarrez gain, asko izan ziren ekitaldietan parte hartzeko asmoz Iturretara igo ziren inguruetako bizilagunak.
Urrutiaren kinttopekoek irabazi zuten Iturretako idi dema.
Jaiekin hasteko, mendi martxa izan zuten auzoko inguruetan zehar. Horrela, Arkupe, Iparragirre, Itxurrixa, Laitxu eta Zekendion zehar ibili ziren 71 lagun eguerdira arte. Meza ostean, berriz, Mendaro eta Berriatuako neska-mutilen arteko norgehiagoka egon zen. Proban jardun zuten, gogor, zeinek untze gehiago egin, baina, azkenean, Mendaroko taldea izan zen nagusi 45 untze 3/4 eta 2,25 metro eginda. Berriatuko taldeak, bestalde, 40 untze 1/2 eta 4,5 metro egin zituen.
Arratsaldean ere, proba handiak egon ziren Iturretako probalekuan, baina, kasu horretan idiak izan ziren protagonista. 47. Kristobal Deunaren Saria jokatu zuten Eibarko Mendigoitxiren, Berriatuko Robertoren eta KamiƱoko Jatetxeko Urrutiaren kinttopekoek. Irabazlea, plazara atera zen azken idi bikotea izan zen, Urrutiarena. KamiƱoko jatetxeko animaliek, 50 untze egin zituzten 178 kiloko gainkargagaz. Bigarren idi parea, Berriatuko Robertorena izan zen, 48 untze eginda, eta hirugarren geratu zen Eibarko Mendigoitxi. Bere animaliek, 44 untze 1/4 eta 76 zentimetro egin zituzten 67, 5 kiloko gainkargagaz.
Egun osoan izan zuten umeek puzgarriak eta ohe elastikoak.
Nagusiez gain, umeek ere ederto pasatu zuten. Egun osoan eduki zituzten ermitaren aurrean, puzgarriak eta ohe elastikoak saltoak egin eta txiribueltak emateko prest.