Erakunde publikoek bizikleta “alternatiba erreal” bezala ikustea eta euren politiketan kontutan hartzea beharrezkoa dela adierazi du
Lea-Artibaiko Eguzkik. Euren arabera, bizikletan ibiltzea “osasungarria” da, eta era berean, herriko kaleetan “zarata eta kutsadura gutxiago” eragiten lagutzen du.
Hartara, eskualdean bidegorri gehiago behar direla eskatu dute. “Gure herri eta auzoetan bidegorri sare bat edukitzea beharrezkoa da jendea bizikletan gero eta gehiago ibiltzea nahi badugu. Baina horretarako erakundeek argi eduki behar dute kale edo errepide bat konpontzen denean, bizikletei ere lekua egin behar zaiela”.
Horren adibide legez, Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepideen konponketa lanak jarri dituzte. Euren iritziz, bidegorri bat egin behar litzateke lanak aprobetxatuaz. “Bizkaiko Foru Aldundia errepidea konpontzen ari da. Bidea zabaldu eta apur bat zuzendu ere egin dute, baina, zoritxarrez, lan horiek ez dituzte aprobetxatuko bi herrien artean bizikletentzako bidegorri bat egiteko”.
Urberuagako lanak. Argazkia: Eguzki
Antzeko adibide gehiago daudela diote eskualdean. Lan horietan ez eze, Ondarroan ere antzeko kasu bat eman dela ere jakitera eman dute. “Ondarroan lau urtean Iturribarri eta KamiƱazpi auzoak konpondu ditu udalak. Ondorioz, oinezkoek espaloi gehiago eta zabalagoak dituzte bertan oinez ibiltzeko, baina auzo hartan ere ez da bidegorririk egin”.