Hemendik aurrera Ondarroan hil ondorengo hileta ospakizunak edo omenaldi zibilak egiteko aukera egon da. Jendartean gero eta eskaera handiagoa dela kontutan hartuta, espazio horiek arautuko dituen ordenantza onartzea erabaki du
Ondarroako Udalak. “Herrian dagoen aniztasun ideologiko, erlijioso eta kulturari erantzun bat ematea da gure helburua”, azaldu dute udal ordezkariek.

Musika Plazan Bitxore Lakari egindako omenaldia
Omenaldiei dagokionez, horiek herriko bost tokitan egingo dira: Kofradia Zaharrean, Erakusketa Aretoan, Zaldupe kiroldegian, Alamedan edota Musika Plazan. “Hori bai, aipatutako eraikin edo guneetan, berez daukaten ohiko erabilerak izango du lehentasuna”.
Ekitaldia antolatzeko aldez aurretik eskatu beharko da baimena udal bulego orokorretan. Dagokion eskaera orria bete eta aurkeztu besterik ez da egin beharko. Era berean, udalari musika ekipoa, mahaiak edota aulkiak eskatu ahal izango dira.

Ondarroako Kofradia Zaharra
Hildakoaren senidetartekoek edo adiskideek udal lokala apaindu nahi badute edo modu bereziren batean egokitu nahi baldin badute, ostera, nahikoa denboraz horren berri eman besterik ez dute izango. “Ekitaldia egiteko zerbitzu osagarriak interesdunaren kontura eta kargura izango dira, baina, betiere, Ondarroako Udalak ikuskatu ahal izango ditu”.