Egunak aurretik jaietako usaina nabari bazen ere, gaur egin dute eztanda Karmen jaiek. Xemeinen itxaron diete koadrillek Alarabiri, eta Goiko Portalerainoko bidea musikaz eta herritarrez lagunduta egin dute. Herrian zehar ibiliko da jaietako protagonista, herritarrekin batera, domekara arte. Ijuixe botata, jaiak «edarto» pasatzeko esan die herritarrei.
50 urte betetzen dituela eta, herriko guraso elkarteak izan du aurten pregoia irakurri eta txupina botatzeko ardura. Udaletxeko aretoan taldetxoa batu bada ere, lehengo eta gaur eguneko hiru ordezkari atera dira udaletxeko balkoira: Luis Ruiz de Austri, Trini Arriola eta Rakel Anitua. Eurek hartu dute, udaletxeko balkoian bertan, guraso elkartearen lana eskertzeko asmoz, udalak eman dien oroigarria.
Guraso Elkarteko ordezkariak, udaletxean, txupina bota eta gero. Atzean, Alarabi.
Guraso Elkarteak bizirik irautearen arrazoia berdina izaten jarraitzen duela esan dute: «herriko umeei irrifarra eta ilusioa sorraraztea», eta elkartetik makina bat jende pasatu dela gogora ekarri dute. Horien guztien lana, baina batez ere 1965ean hasi zirenena eskertu dute, «eurak piztu zutelako lehen txinparta». Azkenik, jaiak umeen modura gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Gaztetxoen lasterketa
Udaletxe azpian eman dituzte, txupinaren aurretik, Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak antolatutako Gaztetxo mailako Markina-Xemein txirrindulari lasterketako sariak. 42 kilometroko buelta eman dute kostan zehar txirrindulari gazteek. Bizkaiko, Arabako bai eta Kantabriako (Espainia) taldeak ere parte hartu dute norgehiagokan. Helmugara ailegatzen lehena, Zirauna taldeko Oier Lazkano izan da. Lazkano bakarrik ailegatu da helmugara, atzeko beste hirurak, aldiz, esprintean. Bigarrena, Entrambasaguas Udala taldeko Ivan Cobo sartu da helmugan eta hirugarren Gastronomia Vasca taldeko Jon Barrenetxea. Lea-Artibaiko lehenengoa Patxi Juaristi markina-xemeindarra izan da.
[nggallery ID=274]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.