Santixau jaiak ofizialki datorren astean hasiko baldin badira ere, aurretik zeregina badago Etxebarrian. Domekan [uztailak 19] Jubilatuen Eguna ospatuko dute goi-goitik. Aurten, berritasun modura, 90 urtetik gora dituzten Jubilatu Elkarteko kideak omentzea erabaki dute.

Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkoran. Argazkia: Eneritz Albizu
Guztira, lau izango dira omenaldi xumea jasoko dutenak. “Jubilatuen elkarteak antolatuta, urte bitik behin 80 urtetik gorako herritarrei omenaldia egiten zaie. Iaz egin zen omenaldi hori, eta aurten 90 urtetik gorakoak omentzea pentsatu da”, azaldu du alkateak. Omenaldiagaz amaitu orduko, gainera, frontoian bazkari jendetsua egingo dute. Aurreikuspenen arabera, 70 herritar batuko dira bazkaritan.
Arratsaldean, ordea, herri kirolen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da. Aizkoran Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Aitzol Atutxa aurten urrezko aizkora lortu dutenak ariko dira. Harri jasotzen, aldiz, Inhar Urruzuno Euskal Herriko harri txikien txapeldun ondarrutarra eta Izeta IIa ariko dira.

Plater jaurtiketa
Bestalde, Ollagorra taldearen eskutik, etzi [uztailak 18] plater jaurtiketa egingo da Galartza industrialeko eremuan. 100 lagun inguruk parte hartuko dute txapelketan, eta bertara gerturatzen direnek hegaluze errea jateko aukera izango dute.
EGITARAUA:
- Uztailak 18, zapatua
- Goizean. Plater jaurtiketa Galartzako industrialdean.
- Uztailak 19, domeka
- 11:00. Meza nagusia, German Meabebasterretxea eta Xabier Arrizabalaga Zierda bertsolariekin batera.
- Ondoren. 90 urtetik gorako nagusiei omenaldia.
- 14:00. Esteibarrek alaituta, Jubilatuen ohiko bazkaria frontoian.
- 17:00. Herri kirolak frontoian: Aizkoran, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa eta harria jasotzen, Inhar Urruzuno eta Izeta II.