
Datorren astean, hilaren 26ean, Etxebarriako pilotalekuan lehiatuko dute finalaurrekoa, aste honetako Arrigorriagako irabazleen kontra.
Partidarako sarrerak salgai daude dagoeneko. 10 eta 15 euro balio dituzte sarrerek. Axpe eta Asegarce enpresetan edota pilotalekuko tabernan eskuratu daitezke.
26an, Bizkaiko 5 t’erdiko binakako txapelketaren lehiaren aurretik, Idoate-Larunbe eta Olaetxea-Ibai Zabala bikoteen arteko binakako partida ikusteko aukera izango dute bertan bildutako pilotazaleek. Hain zuzen ere, 17:00etan hasiko da lehenengo partida.
Bizkaiko 5 t’erdiko binakako txapelketan sei bikotek hartuko dute parte. Lehenengo final-laurdena bihar egingo dute Arrigorriagan. Urrutikoetxea eta Zubieta Elezkano IIaren eta Rezustaren kontra ariko dira nor baino nor gehiago.
Bigarren final-laurdena domekan jokatuko dute, Mallabian. Bertan, Berasaluze II-Untoria eta Ezkurdia-Merino II bikoteen arteko lehia egongo da ikusgai. Hala, Mallabiako irabazleek, hilaren 24ean jokatuko dute beste finalerdia Barakaldon, Irujoren eta Barriolaren kontra.
Finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute hilaren 31an.