Urteurren kontzertu berezia eskainiko du Akordeoi Orkestrak
Mutrikuko Akordeoi Orkestraren 25. urteurrenaren harira, kontzertu berezia eskainiko dute herriko akordeoi jotzaileek etzi, 23:00etan, Goiko Plazan.Oholtza gainean gaur eguneko kideez gain, azken 25 urteotan soinua jotzen aritu diren hainbat kide ere e...
Oholtza gainean gaur eguneko kideez gain, azken 25 urteotan soinua jotzen aritu diren hainbat kide ere egongo dira. Eurekin batera, gainera, Erraldoien konpartsa, Debako dultzaineroak, Gure Ametsa Dantza Taldekoak eta urtero bezala, Madalen eta Madalen txiki abesbatzako kideak ere egongo dira.
Julia Iriondo gidaritzapean, urteurren kontzerturako errepertorio berezia prestatu dute, «abesti esanguratsu eta erakargarriekin». Musikak, ahotsek eta dantzek jantziko dute jaialdia.
Agurra-rekin hasiko dute kontzertua, eta, ondoren, herriko erraldoi konpartsa dantzan jarriko duen Erraldoien balsa joko dute. Gerokoan, txistuarekin lagunduta, Tapiaren fandangoa eskainiko dute, eta, atzetik, Paco Arrieta herritarraren omenez, Paco pasodoblea. Klarineteek lagunduta, Moment for Morricone eta Ken Zazpiren Ilargia ere entzuteko aukera egongo da. Horien ondoren, Maite ederra, Bohemian rhapsody ezaguna edota Hey brother etorriko dira. Euskal musikaren gorespena deritzon kantu ezagunarekin agurtuko dute urteurren kontzertua.