Kamutsa proiektua bistaratuko dute Lekeition, gaur hasi eta domekara arte
Erakusketa Barandiaran aretoan egongo da ikusgai. Proiektua hiru lekeitiarrek gauzatu dute. Berbak, ilustrazioak eta margoak uztartzen dituen egitasmoa dela azaldu dute ekintzaileekSara Zendoia, Aitziber Galletebeitia eta Leire Garzia lekeitiarrek gauz...
Erakusketa Barandiaran aretoan egongo da ikusgai. Proiektua hiru lekeitiarrek gauzatu dute. Berbak, ilustrazioak eta margoak uztartzen dituen egitasmoa dela azaldu dute ekintzaileek
Sara Zendoia, Aitziber Galletebeitia eta Leire Garzia lekeitiarrek gauzatu duten Kamutsa proiektuak argia ikusiko du gaur, Lekeition. Proiektuak berbak, ilustrazioak eta margoak uztartzen ditu, eta erakusketa zabalik egongo da, domekara arte, Barandiaran aretoan.Zendoiak hitzak landu dituen bitartean, Galletebeitiak eta Garziak ilustrazioak eta margoak jorratu dituzte, hurrenez hurren. Proiektua osatzen duten lanak lehenengo aldiz jarriko dituzte ikusgai, eta, horretarako, sortzaileek euren jaioterria aukeratu dute. «Proiektua osatzen dugun hiru kideotako bakoitzak bere ekarpena egin dio egitasmoari; horrela osatzen da Kamutsa. Hiru ikuspegiak batzen dituen bestelako hirukia da».
Proiektuaren jatorriari dagokionez, neguan jaio zela diote. «Hirurok kuadrillakoak gara. Nik ingeles filologia ikasi dut, Galletebeitiak publizitatea eta Garziak arte ederrak. Hortik abiatuta, zer edo zer egitea pentsatu genuen», azaldu du Zendoiak.
Esan eta egin. Horrelantxerik hasi ziren hiru sortzaileak beharrean. Hasiera baten bakoitza bere kasara hasi zen lanak egiten. Eta gero, elkarri erakutsiaz, lanek aditzera eman zietena gauzatu zuten.
Osatu eta osatu, eta sortu eta sortu, azkenean 30 obra sortu dituzte. «Horiek guztiak dira Barandiaran aretoan erakutsiko ditugunak».
Orain artekoagaz, «pozik»
Gazte ekintzaileak dira hirurak. Eta ekiteko gaitasun hori azal-azalean daukate. «Ez dakigu igerilekua beteta edo hutsik dagoen, baina guk jauzi egin dugu, eta datorrena datorrela».
Lanak bistaratzen dituzten lehenengo aldia bada ere, ingurukoei erakutsi dizkietela diote. «Sare sozialetan ere zer edo zer zabaldu dugu, eta, momentuz, jasotako erantzunekin pozik gaude».
Erakusketan ikusi ahal diren obrak erosi ere egin ahal direla aurreratu dute. «Enkarguz bada ere, nahi izanez gero, erosteko aukera egongo da».
Duela gutxi jaio berri den Klitto! argitalpen digitalean ere euren tartetxoa eduki dute, eta han egindako ekarpena ere gustukoa izan dela eta, gustura daude.
Aurrera begira
Lehenengo erakusketa Lekeition egingo badute ere, gehiago zabaltzea ere gustatuko litzaiekeela diote. «Gero, pentsatzen hasita, moda mundura ere zabaldu ahal dela uste dugu, poltsetan ilustrazioak, irudiak edota hitzak inprimatuz eta abar».
Oinak lurrean badituzte ere, aurrera begira ere ikertzeko bide asko dituzte. «Proiektuak hainbat bide hartu ahal ditu».
Horrela ba, herritarrek gaur hasi eta domekara bitartean, herriko gazte ekintzaileen lanak bertatik bertara ikusi ahalko dituzte: 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 20:30era. «Ordutegia nahikoa malgua edukiko dugu; jendearen arabera egingo dugu, gutxi gorabehera».