Beste behin ere, kontzertu ikusgarria eskaini du Mutrikuko Akordeoi Orkestrak. Aurten, gainera, kontzertua bereziagoa egin duen pizgarria izanda, taldeak 25 urte bete ditu, herritarrak aho zabalik uztea lortu dute.
Julia Iriondo akordeoi orkestrako zuzendariaren iritziz, “gau ahaztezina eta magikoa” izan zen. “Denak ondo baino hobeto irten zuen eta zoragarria izan zen. Eskerrak bihotzez bertan parte hartu zuten denei. Beti gogoratuko dudan gaua izango da”.
Akordeoi jotzaileak kalejiran. Argazkia: Mutrikuko Akordeoi Orkestra
Oholtza gainean gaur eguneko kideez gain, azken 25 urteotan soinua jotzen aritu diren hainbat kide ere egon ziren, eta eurekin batera erraldoien konpartsa, Gure Ametsa Dantza Taldeko kideak, Debako dultzaineroak eta Madalen eta Madalen txiki abesbatza ere egon ziren.
Denen artean errepertorio zabala eskaini zuten jendez gainezka zegoen Goiko Plazan. Kontzertuaren amaieran, gainera, uste gabeko omenaldi xumea jaso zuen zuzendariak. “Ez nuen espero eta ikaragarria izan zen. Euren kabuz bi kanta prestatu dituzte, eta horiek ikusle modura gozatu ahal izan nituen. Dena oso hunkigarria izan zen”.
Goiko Plaza bete zuen akordeoi orkestraren kontzertuak. Argazkia: Mutrikuko Akordeoi Orkestra
Kantu bereziak eskaintzeaz gain, azken 25 urteotako hainbat argazki ere proiektatu zituzten bertan egon ziren zaleen gozamenerako. Ekitaldiaren amaieran, soinujoleekin batera oholtza gainean egon ziren taldeek eta Julia Iriondo berak oroigarri bereziak jaso zituzten akordeoi taldeko kideen aldetik.