Padura eta Artibai erreka ondoko ibai-basoa berreskuratuko dira, eta lanen helburua inguruko biodibertsitatea handitzea da.
Lanak bisoi europarraren ugalketa garaitik kanpo egin behar dituztelako hasiko dira datorren astean berreskuratze-lanak, eta hilabete irautea aurreikusi dute. Hau “lehenengo pausoa” baino ez dela dio Ondarroako Udalak: “Alleri berreskuratzeko bidea zabaldu dugu, uholdeei aurre egiteko bidea, baina, neurriak epe luzera eraginkorrak izan daitezen jarraipena eskatzen du”.
Horma batzuk kendu eta kanalak zabalduko dituzte, berriro urik ez sartzeko. Horrela, espezieak ugaritzea espero du udalak. Izan ere, azken urteetan padurako espezie asko desagertu dira.
Horrez gain, lurrak mugitu eta mailakatuko dituzte, flora desberdina lortzeko asmoz.
Bestalde, ihidia babesteko ubide batzuk zabalduko dituzte, ihidiari indarra eman eta ur gazia heltzeko.
Halaber, beste lan batzuk ere egingo dituzte. Esaterako, Martin arrantzalearentzako habiak, eta txorientzako egurrezko atsedenlekuak jarriko dituzte.
Gainera, ur ertzean, tamarix-gallica zuhaitzak landatuko dituzte, erreka ondoko basoa berreskuratzen joan dadin eta bisoi europarrarentzat habitat egokia sortzeko helburuagaz. Era berean, bertako bi landare inbaditzaile kenduko dituztela ere iragarri du udalak.
Bestalde, padurari buruzko informazio zehatzarekin informazio taula batzuk ipiniko dituzte.
Padura balio handiko ekosistema denez, bertan egingo diren obrek neurri zorrotzak beteko dituztela nabarmendu dute udaletik. Izan ere, Alleri eta Artibai ibaia red Natura 2000n sartu zuten -Europako babes sarean-, eta 2012an Bereziki Zaindu Beharreko Eremu izendatu zuten dekretu bidez.
Txostenak astero
Langile guztiek praktika onen ikastaroa jasoko dute, eta enpresa eraikitzaileko ingurumen teknikariak, eta ingurumen enpresa aholkulari batek obra gainbegiratuko dute.
Horrela, astero txostenak idatziko dituzte, lanak ondo doazela eta inguruan kalterik ez dela eragin baieztatzeko.
Udalak ingurumena zaintzeko egin den “esfortzuaren adierazgarri” diren hainbat neurri hartuko ditu. Besteak beste, lurra ez trinkotzeko makina txikiak erabiliko dituzte lanak egiteko, eta marea behean dagoela egingo dira obrak, ahalik eta gutxien eragiteko.
Hurrengo bederatzi urteetan, ikerketa eta jarraipena egingo dela azaldu du udalak, “helburuak betetzen ari diren ikusteko”. Espezie inbaditzailerik dagoen, eta animalia berririk agertu den ikusiko dute, eta kanalek ondo funtzionatzen duten edo ura sartzen den aztertuko dute.