Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzea baloratuko du Lekeitioko EH Bilduk
Agintaldiko lehen osoko bilkuran EAJk egindako proposamena aztertuko du Lekeitioko EH Bilduk. Tokiko Gobernu Batzordean parte hartzea eta batzorde burutza bi hartzea eskaintza interesgarritzat jo dute, eta, baloratzeko modukoa dela nabarmendu dute. “Hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuz, koherentea da arloen ardurak indar desberdinen artean banatzea, bai eta demokrazia eredu zuzenarekin bat datorrelako ere. Gainera, aukera hau, udal gobernu berriak, EH Bildurekin izandako bilera batean, EH Bilduk berak proposatutakoa da”.
Erabakiaren garrantzia ikusita, udaldia erabiliko dute proposamena aztertu eta maila guztietan kontrastatzeko. “Bai indar politikoen artean, baina baita oinarri sozial edo eragile desberdinekin ere”. Helburua, EH Bilduren ustez, ondorengoa izan beharko litzateke: “udala osatzen duten talde desberdinen ikuspegiak barneratzea bakoitzak hartutako ardurak aurrera eramateko orduan”.
Plenoaren aldizkotasunari dagokionez, bi hilabetean behin egitea ondo iruditu zaie. “Batzorde eta lantalde desberdinetan lana banatzearen ondorioa da eta erabaki hori eta EH Bilduk berak planteatu zuen horrela aurreko legealdian”. Harridura sortu die baina, bere garaian EAJ-PNV-k erabakia kritikatu egin izana eta kontra bozkatu izana, eta orain, irizpide berbera, ontzat ematea.
Liberazioen inguruan hartu duen erabakiagaz ere, EAJ kontraesanean murgildu dela diote. “Behin eta berriz entzun behar izan dugu azken urteotan bi liberaturen beharrik ez zegoela. Orain bai antza, orain beharrezkoak dira liberatu biak, beste posizio batean gagozalako, argudiatuz. Erantzukizun politiko traketsa eta maltzurra”. EH Bilduk, bada, ez du uste bi liberatu sobera daudenik, baldin eta herriarentzako dedikazioan islatuta ikusten bada.
Elkartasunerako prest
Batzordeak zabalak izateaz gain, erabakikorrak ere izateko eskaera egin zuen EH bilduk, hala defendatu izan bai eta praktikan ere, aurreko legealdian. “Azken batean, EH Bilduk ahalegin guztiak jarriko ditu udal berriak erabakitzeko jarrera ireki, partehartzaile eta elkarrenganakoa gauza dezan. Guk ez diogu uko egingo gure erantzukizun politikoari”.
Koalizioaren ustez, alkatetzan egon edo oposizioan egon, ontzat jotzen diren neurriak ezin daitezke modu desberdinean baloratu, koherenteak izatea nahi baldin bada. “Herritarren konfidantzan eragiten baitu, eta udal ordezkariek bere ardura betetzeko izan beharko luketeen jarrera trakesten duelako”.Ondorioz, Lekeitioko EH Bilduk bere jarrerari eutsiko diola esan dute, “elkartasunerako prestutasunari hain zuzen ere”.