Arrantzale gazteak erakartzeko neurriak hartu ditu Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak arrantzaleei eta arrantzarekin lotura duten lanetan diharduten pertsona guztiei laguntzeko erabaki «sendoa» hartu du. Hala, arrantzale gazteak erakartzeko eta profesionalizatzeko neurriak indartuko dituztela adierazi du Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuordeak.
Eustaten arabera, arrantza sektoreak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 2.363 pertsonei ematen die lana, eta 10.000 zeharkako lanpostu inguru sortzen ditu. Orozek dio sektorea tradizionala dela, eta beharrezkoa Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren etorkizunerako. Hori dela eta, «arrantzaleen bizi kalitatea hobetzeko, lan baldintza duinak lortzeko eta arrantza mundua gazteentzat erakargarriagoa izan dadin» lanean ari dela adierazi du.
Sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea dira helburu estrategiekoetako batzuk: «Giza kapitala sustatzea, enplegua sortzea eta etengabeko trebakuntza ematea –bai itsas arrantzako eskoletan zein itsasontzietan– oinarrizkoak dira helburuak lortzeko».
Jaurlaritzaren plana
Jarduera horien garapenak «leku nabarmena» du Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikulturako 2015-2020 Plan Estrategikoan. Ia 102 milio euroko aurrekontua izango du, eta, plan horregaz, arrantza sektorea lehiakorragoa izan dadila gura dute, «ingurumenean integratutako praktikekin, kalitatezko lehengaiak hornitzeko eta erakunde indartsu eta egituratu bat izateko».