Bihartik abuztuaren 15era bitartean Lekeitioko San Pedro Arrantzaleen kofradiak, Lekeitioko Udalak, tabernak eta elkarteak elkarlanean antolatutako Hegaluzealdia ospatuko da Lekeition. Hegaluze harrapaketa Lekeitioko arrantzaleen oinarri ekonomikoetako bat da, eta egitasmo horregaz, hegaluze arrantza eta kontsumoa suspertu eta babestu nahi dituzte. “Lekeitioko marinelek apustu handia egin dute etorkizuna duen arrantzaren alde. Izan ere, betiko arrantza oinarrituta, gure elikagaien eta ingurumenaren kalitatea babesteko apustua egin dute”, azaldu dute antolatzaileek.
Hegaluze errea prestatzen 2012ko Hegaluzealdian.
Joan den urteko arrakasta ikusita, aurten ere hegaluze kontserba ikastaroa antolatu dute. Ikastaroa doainik da, eta leku mugatua denez, izen ematea Turismo Bulegoan egin beharko da. Horretaz gainera, beste urte batez, hitzaldiak eta hegaluze errea eskainiko dituzte Kofradian.
Bihar hasiko da beraz Hegaluzealdia hegaluze kontserba ikastaroagaz. Barikuan, uztailak 24, berriz, kirol eta artisau arrantzari buruzko hitzaldia egongo da San Pedro Arrantzaleen kofradian, 19:00etan, eta asteburu guztian, gainera, herriko hainbat jatetxe eta tabernek hegaluze pintxo eta platerak eskainiko dituzte. Beraz, udalak eta kofradiak Lekeitio bisitatu eta bertoko hegaluzea dastatzeko gonbitea egin dute.
Zapatuan, uztailak 25, ospatuko dute lekeitiarrek Hegaluze Eguna. Urtero legez, Aittitta Txiki elkarteak Marmitako Txapelketa antolatuko du, hamaseigarrena aurtengoa.Txapelketan parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik (uztailaren 23a azken eguna), eta nahi duenak Kultur Etxean edo Nautikan eman dezake izena. Plazan bazkaldu nahi dutenek, izena ematerakoan esan behar dute zenbat lagun izango diren.
Aittitta Txikikoek zehaztu dutenez, lapikoko 10 euro izango dira, eta bazkaltzera gelditzen den pertsona bakoitzeko 4 euro. Horren ordez, 3 kilo hegaluze, Arabako herri batetik ekarritako 5 kilo patata eta hamaiketakoa egiteko ogi bat jasoko dute parte hartzaileek. Gainera, plazan bazkaltzera gelditzen direnek, prest edukiko dituzte eguerdian, mahaiak, aulkiak bai eta jateko erabilgarri guztiak ere: platerak, edalontziak eta mahai tresnak. “Herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera, egun on bat pasatuko dugu-eta”, azpimarratu dute Aittitta Txikikoek.
11:30etan arrain salmenta erakustaldia egongo da San Pedro Arrantzaleen kofradian, eta ondoren herri bazkaria egingo da bertan plazan, 15:00etan. Arratsaldean berriz, hegaluze errea eskeiniko da kofradia aurrean. Musikak lagunduko du jaia, egun guztian.
Hegaluzealdia baina, ez da asteburu honetan amaituko. Abuztuaren 8an, IX. Willows desafioa egingo da, hegaluze arrantza, eta abuztuaren 15erako Lekeitioko 39. Hegaluze Arrantza Kopa antolatu dute Club de Pesca de Atun de Lekeitioko kideek.
Kanpainaren helburuak
Azken urteetan, herriko ekonomiaren ibilbideak joera ezberdinak hartu baditu ere, betidanik, arrantza izan dela Lekeitioko ekonomiaren giltzarri dio Lekeitioko Udalak. “Arrantza dugu, herriaren izate eta izaera definitzen duen lanbidea. Arrantza jarduerari dagokionez, Lekeitioko itsasontziek neurri handi batean, hegaluze harrapaketan oinarritzen dute bere jarduera ekonomikoa. Antxoaren kanpaina kenduta, harrapaketen fakturazio orokorretik %80a arrantza honi dagokio; beraz, kanpaina honen arrakasta bermatzea ezinbestekoa da sektorearen biziraupenerako”.
EGITARAUA
Uztailaren 23an:
Hegaluze kontserba ikastaroa. 17.00etatik 19.00etara Kofradian. Izena ematea Turismo Bulegoan.
Uztailaren 24an:
Hitzaldia:
Kirol eta artisau arrantza: egungo egoera eta etorkizuneko erronkak. 19.00etan Kofradiako Aretoan.
Uztailaren 25 eta 26an.
Hegaluze pintxo eta platerak dastatzeko aukera herriko taberna eta jatetxeetan
Uztailaren 25an: Hegaluze Eguna
10:00etatik aurrera Marmitako txapelketa plazan Aittitta Txiki elkarteak antolatuta.
11:30etan Arrain Salmenta (venta, subasta) erakustaldia Kofradian. Izen ematea Turismo Bulegoan.
15:00etan Bazkari herrikoia plazan Aittitta Txiki elkarteak antolatuta.
19:00etatik aurrera hegaluze errea Kofradia aurrean.
20:00etan Lekeitioko Estudiantinaren kalejira.
Egunean zehar Aittitta Makurra txaranga eta K-TUM-K Batukada herriko kaleetan zehar.
Abuztuaren 8an
IX. Willows desafioa (hegaluze arrantza). Izena ematea Willows Tavern. Uztailak 5 eta 25
bitartean. www.willowsdesafioa.com.
Abuztuaren 15ean
Lekeitioko XXXIX. Hegaluze arrantza kopa. Antolatzailea: Club de Pesca de Atun de Lekeitio.