Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu
Arantxa Tapia Bermeoko portuan egon da gaur goizean [uztailak 22], Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozegaz eta Arrantza zuzendari Leandro Azkuegaz batera, hegaluzearen deskarga ikusten.
Hamar egun dira euskal flota lanean ari dela, eta, dagoeneko,
632.500 kilo arrain deskargatu dituzte. Hegaluzearen salmenta prezioari dagokionez, berriz, 3,96 euroko bataz besteko prezioa egin du, aurreko urteetan baino prezio hobea.
Ekainaren 22an Ondarroan lehorreratutako lehen hegaluzeak.
Hala ere, kanpotik datorren arrainaren eragina ere presente izan behar dela azaldu du sailburuak: «Artisautzako arrantzaldi honek eskatzen duen esfortzuari gehitu behar zaio beste herrialde batzuetatik datorren eskaintzaren igoera. Euskal arrantzaleak behin eta berriz salatzen ari dira kanpotik arrain asko sartzen ari dela eta batzuetan hemengoa balitz moduan saltzen ari dela, prezio baxuan, eta horrek Euskadiko arrantza sektoreari kalte egiten diola».
Eusko Labela
Egoera horren aurrean,
euskal arrantzaleen lana defendatzeko asmoa agertu du, eta, horretarako, hegaluzea merkatuan modu bereizian agertu behar dela esan du Tapiak. Hala, azken urteetako politikari eutsio dio Jaurlaritzak: «Eusko Label bereizgarriagaz identifikatu behar ditugu ahalik eta pieza gehien. Horrela, arraindegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela; hau da, Euskal Herriko hegaluzea dela, eta kalitatekoa».
Berritasun bat ere aurkeztu du Ekonomia sailburuak; alegia, identifikatutako hegaluze kopurua handiagoa izan dadin, arrantzaleek eurek hartuko dute beren gain arraina identifikatzeko lana. Horrenbestez, arrantzaleek harrapatutako kalitateko arrainak Eusko Label berme markaz identifikatuta merkaturatzea espero dute.
Berezitasunak
Eusko Labela duen hegaluzea kalitate handiko arraina da,
euskal arrantzontziek banan-banan eta sarerik barik harrapatutakoa, hau da, arrantza sistema tradizionalez arrantzatutakoa: kanabera (beita bizia) eta xaxian edo kazan. Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute.
Arraina bereizteko, isatsean hautsi ezin den segurtasuneko zigilu zuri bat jartzen zaie Eusko Label sinboloagaz eta beste datu batzuekin, esaterako, berari bakarrik dagokion kontrol zenbaki bategaz.
Kontrol zenbakiaren bitartez eta webgunean begiratuta, gainera, hurrengo datuak ere ezagutu daitezke: arrantzontziaren izena, espeziea zein den, zer portutan deskargatu den, zein kofradiatan, noiz deskargatu den eta non eta zer modalitatetan harrapatu duten.