Andra Mari jaiak iragartzeko kartela.
Burgoa bigarren urtez jarraian nagusitu da jaien kartel lehiaketan, eta 500 euroko saria jaso du irabazleak.
Andra Mari jaiak iragartzeko sormen lan koloretsua aurkeztu du ondarrutar gazteak. Jaien bizitasuna islatu du erabilitako kolore biziekin.
Guztira dozena bat lagunek parte hartu dute aurtengo jaien kartel lehiaketan. Horiek uztailaren 10a arteko epea eduki zuten lanak aurkezteko, eta guztien artean jai batzordeak Burgoaren kartela aukeratu du.
Kuadrila eguneko bazkarirako txartelak agortuta
Bestalde, Kuadrillen eguneko bazkarirako txartel guztiak salduta daudela jakinarazi dute. 200 lagunetik gora elkartuko dira abuztuaren 16an bazkaritan. Lehenengoz egingo dute aurten, eta zoologiko gaiarekin zerikusia duten mozorroekin joango dira herritarrak.
Bazkaldu aurretik, Zaldupetik kalejira egingo dute kuadrillek Elepunto DJ-ak lagunduta. Gero, 15:00etan hasiko dira bazkaltzen.
Bazkalostea Alexander Idoeta eta Eneko Arratek girotuko dute bertsoekin. Ondoren, 17:00etatik aurrera, kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte, Txirrimorraskiren eskutik. Ostean, 18:30ak inguruan hasita erromerian dantzan ibiliko dira.