Abuztuaren 7a arteko epea ipini dute lanak aurkezteko. Parte hartzaileek Aulestiko udaletxeko idazkaritzan utzi beharko dituzte haien proposamenak.
Lehiaketaren oinarriak udaletxean edota udaleko web orrialdean eskuratu daitezke. Partaide bakoitzak logo bakarra aurkeztu dezake, papereko euskarrian edo CDan.
Koloretan aurkeztu beharko da lana, eta aurretik argitaratu gabea izan behar da. Logoan Aulesti eta Ermitarik Ermita berbak agertzeko baldintza ipini du mendi martxako batzordeak. Urtea eta edizioa antolatzaileek zehaztuko dituzte.
Anonimotasuna gorde asmoz, lehiaketaren parte hartzaileek bi gutun aurkeztuko dituzte, azalean ezizena eta lanaren izenburua ipinita. Batean, logoa sartuko dute, eta bestean, berriz, egilearen datuak zehaztuko dituzte: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa.
Irabazleak 150 euro jasoko ditu, eta mendi martxako kartelean agertzeaz gain, haren inguruko materialetan ere azalduko da aukeratutako irudia. Baina, antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurkezturiko lanak gustuko ez badituzte saria eman gabe geldituko da.
Halaber, mendi martxako batzordeak logoa zabaltzeko eta argitaratzeko eskubidea izango du, irabazi asmo barik.