Haurreskola handituko du Markina-Xemeingo Udalak irailerako
Azken urteetan Markina-Xemeingo haurreskola publikoko plazen eskaera nabarmen igo da. Eskaria hain handia izanik, irailerako haurreskola handitzeko moduluak jarriko ditu udalak haurreskola dagoen tokian eta eskolako patioan. Uztailean eta abuztuan egingo dira lanak.
Moduluak azkenaldiko eskaeren gorakadari erantzuteko jarriko dituzte. Baina, udalak jakitera eman duenez, etorkizuneko beharrak aztertu eta proiektu finkoagoa behar dela ikusiz gero, hura egin bitartean erabiliko dira.Eraikin berriak unitate bat eta gela balioanitz batez gain, aldagunea ere edukiko du.
Markina-Xemeingo Udalak 4.813,45 euro bideratuko ditu lanetara. Orain arte bezala, Haurreskola Partzuergoa arduratuko da kudeaketaz, eta udalak, hilero, 1.341,76 euro ordainduko ditu eraikinaren alokairuagatik.
Lan horiekin Markina-Xemeingo Udalaren helburu nagusia familiei hezkuntza zerbitzu publikoa ematea da. “Horrela, umeen gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektuala areagotu, eta 0 eta 2 urte bitarteko umeen hezkuntza eta zainketa osoa barne hartzen dituen zerbitzua indartu nahi ditugu”, azaldu dute.