Zapatuan [uztailak 25] Ondarroako Raid-a egingo da, bigarrenez.
Koaxi S Concept Triatloi Taldeko kideek nabarmendu dutenez, aurten hainbat berritasunegaz etorriko da proba.
Besteak beste, proba euskal zirkuiturako puntuagarria izango da, estreinako. Horrez gain, iazkoa baino iraupen luzeagoa izango duela aurreratu dute antolatzaileek. “Iaz bost orduko iraupena izango zuen probak, eta aurten, zer edo zer luzatzea erabaki dugu. Hortaz, zazpi orduko proba izango da aurtengoa”.
Ondo orientatzen jakiteak berebiziko garrantzia du. Argazkia: Amaia Leon Etxaburu
Iazko probak izan zuen arrakasta kontutan hartuta, gainera, aurten parte hartzaile gehiago izango ditu Raidak. Iaz 34 bikote izan ziren eta aurten 50 izango dira, probak ezarritako ia gehiangoa (60 bikote). “Guretzat oso pozgarria da hainbeste bikote parte hartuko dutela jakitea. Egia esan, eguna ailegatzeko desiratzen gaude”.
Proba 10:00etan hasiko da Alamedan eta 17:00ak ailegatu bitartean, parte hartzaileek hianbat proba berezi gainditu beharko dituzte. Hain zuzen ere, proba hiru zatitan banatuta egongo da; lehenengo trekking-aren tartea izango da, eta ostean, mendiko bizikletarena. Azkenik, herri orientazioa etorriko da.
Antolatzaileek proba bakoitza hasteko ordu batzuk finkatu dituzte, eta hortaz, aurretik ezin izango da bloke horretan hasi. “Bikoteek hiru probetan ordez, batean edo bitan parte hartzea euren esku egongo da. Hori bai, sektore bakoitzaren hasiera orduak errespetatu beharko dituzte”.
Uretako proba berezietako bat. Argazkia: Amaia Leon Etxaburu
Antolatzaileek aurreratu dutenez, gainera, hainbat faktore sorpresa izango ditu aurtengoan ere probak, horrek emozioa gehituz. Sektore bakoitzean gainerako puntuak lortzeko aukera ere egongo da planteatuko diren proba berezietan. Besteak beste, uretako jokoak, eskalada, ginkana, arrautzaren jokoa, kukaña, norabide proba,
slacline eta beste hainbat proba dibertigarri egiteko aukera egongo da.
Puntuazioari dagokionez, proba bereziek bina puntu gehituko dituzte. Horiez gain, bilatu beharko diren balizek puntu gehiago edo gutxiago lortzeko aukera emango dute, zailtasunaren arabera. Hartara, hurbilago edo errazago lortu ahal diren balizek puntu bana gehituko dute, eta zailagoak direnek, ostera, bina.
Raidak hainbat kirol proba batuko ditu. Argazkia: Amaia Leon Etxaburu
17:00ak aurretik helmugaratu beharko dute bikoteek, osterantzean, beranduago sartzen diren minutu bakoitzeko penalizazioa edukiko dute. Hortaz, denbora ondo kudeatzen jakin beharko dute parte hartzaileek.
Denbora ondo kudeatzeaz gain, ondo orientatzen jakitea eta estrategia on bat edukitzea ere ezinbestekoa dela azpimarratu dute antolatzaileek. “Raida abentura froga bat da, erresistentzia jarduera dibertigarri bat”.
Amaitzeko, marmitako jana egingo dute proba bukatu ostean.