Bermeotarrak Lekeitioko potu inguruan garaipena ospatzen, atzo.
Atzo arratsaldean lehiatu zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako Traineru txapelketatik sailkatu ziren zortzi arraun taldeek.
Urdaibai bigarren urtez jarraian nagusitu da Euskadiko Traineru txapelketan, eta proba horretan haren historiako bosgarren garaipena da atzo lorturikoa.
Halaber, azken bederatzi urteetan bizkaitarrak izan dira garaileak; 2006an irabazi zuen azkenenengoz talde gizpuzkoar batek, Hondarribiak, hain zuzen.
Bermeotarrak bigarren txandan irten ziren, Hondarribia, Orio eta Kaikugaz batera. Irabazleak 20 minutu, 35 segundo eta 30 ehunenetan amaitu zuen estropada.
Lehia estua egon zen lehenengo hiruren artean. Izan ere, Hondarribia bigarrenari hiru segundo pasatxoko aldea atera zion Urdaibaik, eta Orio hirugarrenak irabazlearengandik 4 segundo eta 48 ehunenera amaitu zuen lehia. Kaiku izan zen txandako eta estropadako sailapeneko laugarrena, 20 minutu, 50 segundo eta 25 ehuneneko denboragaz. Hain zuzen ere, laugarren kaletik irten zen Kaiku, eta atzokoan kale hori izan zen txarrena.
Lehenengo txanda, berriz, Isuntza etxeko taldeak, Zierbenak, San Juanek eta San Pedrok osatu zuten. Zierbena izan zen lauretan azkarrena, 21 minutu, 50 segundo eta 22 ehuneneko denboragaz. Beste hiru arraun taldeek 22 minututik gora behar izan zituzten estropada amaitzeko.
Lekittarra, laugarren kaletik irtenda, txandako hirugarrena izan zen, 22 minutu, 9 segundo eta 94 ehuneneko denboragaz.
Bestalde, emakumezkoetan Zumaiak irabazi zuen Lekeition atzo, 11 minutu, 23 segundo eta 40 ehuneneko denboragaz. Haren atzetik, Orio, Hibaika eta San Juan sailkatu ziren.
Emakumezkoen estropadan lehia estua egon zen lehenengo bien artean. Zumaiarrek 2 segundo eta 55 ehuneneko aldea baino ez zieten atera oriotarrei. Hibaika, berriz, Zumaiarengandik 27 segundo eta 73 ehunenera heldu zen, eta San Juanek 12 minutu, 12 segundo eta 39 ehunen behar izan zituen estropada amaitzeko.
Euskadiko Traineru txapelketako sailkapena:
1.-Urdaibai: 20:35.30
2-Hondarribia: 20:38.56
3-Orio: 20:39.78
4-Kaiku: 20:50.25
5-Zierbena: 21:50.22
6-San Juan: 22:09.88
7-Lekittarra: 22:09.94
8-San Pedro: 22:55.73