Kros lasterketa herrikoiak 26 urte beteko ditu, uztailaren 26an
Lasterketa txiki bat izatetik atletismo zaleek galdu nahi ez duten hitzordu izatera ailegatu da adin guztietako kirolariak batzen dituen kirol proba herrikoia.Txanton Pipirri kanpandorrera igota hasiko dira ispastertarrak Santiago eta Santa Ana jaiak o...
Lasterketa txiki bat izatetik atletismo zaleek galdu nahi ez duten hitzordu izatera ailegatu da adin guztietako kirolariak batzen dituen kirol proba herrikoia.
Txanton Pipirri kanpandorrera igota hasiko dira ispastertarrak Santiago eta Santa Ana jaiak ospatzen.Mus txapelketa, umeentzako jokoak, herri bazkaria, antzerkia, mozorro lehiaketa eta gauero berbenak edukiko dituzte festekin muga barik gozatzeko.
Kirolak ere izango du bere tartea jaietan, zelan ez. Jadanik ohiko bihurtu den hitzordu batek 26 urte beteko ditu aurtengo Santa Ana Egunean, uztailaren 26an: kros lasterketa herrikoiak.
Umeetatik hasi eta beteranoetara arte. Nahi duen guztiak edukiko du aukera Ispasterren zehar aringa-aringa egiteko. Izena, bertan egunean eman behar da udaletxean; 16:30ean zabalduko dute udaletxeko atea izena emateko, eta, beraz, zapatillak eta gogoa besterik ez dira behar Ispasterko Udalaren Jai Batzordeak antolatutako kirol proban parte hartzeko.
Ibilbidea
Gazteak izango dira lehenengoak aringa-aringa egiten. Horrela, txikienetik 16 urtera arteko probak 18:00etan hasiko dira.
Adinaren arabera, hiru mailatan banatuta egingo dute korrika. 8 urtera arteko neska-mutilek 1,1 kilometro egin beharko dituzte; eurek izango dira lehenak korrika egiten. Gero, 9 urtetik 14 urtera arteko kirolarien txanda izango da, eta azkenik, 15 eta 16 urtekoena. Azken talde bi horiek 2,3 kilometro egin beharko dituzte.
Nagusien krosa, urtero modura, 19:00etan hasiko da. Denak batera aterako dira, baina 7 kilometroko ibilbidea egingo dute gizonezkoek eta 4,8 kilometrokoa emakumezkoek.
Erkiaga kaletik irtengo dute korrikalariek, eta Kortazar auzoan zehar emango dute buelta berriro ere herrigunera itzuli eta eliza eta frontoi atzetik enparantzara abiatzeko. Handik Larrinaga auzorantz joango dira, eta Earantzako bidetik zehar itzuliko dira berriro ere enparantza aurrera. Buelta hori guztia bi bider eman beharko dute emakumeek. Gizonezkoek, berriz, hiru buelta eman beharko dituzte helmugara heltzeko.
Denbora onak
Lagunarteko lasterketa bat modura sortu zen Ispasterko krosa 1990 urtean, gaur egun, baina, inguru guztietako hainbat atletismo zalek galdu nahi ez duten hitzordua da.
Atleta bikainek parte hartzen dute. Halan erakusten dute ezarrita dauden lasterketako denborek. Mutilen errekorra 21 minutu eta 18 segundotan jarrita dago, eta neskena, berriz, 16 minutu eta 48 segundotan. Denbora horiek gainditzea zaila bada ere, markak gainditzen dituenak izango du saria. Mutilen errekor berria egiten duenari 100 euroko saria emango diote; nesken errekor berria jartzen duenari, bestalde, 70 euro. Entrenatzen joan beharko da hitzordurako.