Irailaren 3tik 6ra bitartean
Europako lur gaineko sokatira txapelketa jokatuko da Belfasten (Ipar Irlanda). Bertan, munduko beste hainbat talderen artean Mutriku Sokatira Taldeko kideek parte hartuko dutela jakitera eman du Euskal Sokatira Federazioak. Mutrikuarrek nabarmedu dutenez, Europako txapelketan parte hartzeko gogotsu daude. “Azken astean beste euskal taldeko kideekin entrenatzen aritu gara, eta itxura polita erakutsiko dugula uste dugu”.
Mutrikuarrez gain, beste bi euskal talde ere titulua lortzeko lehian ariko dira: Laukizko Gaztedi taldea eta Erandioko Goiherri. Euskal Sokatira Federazioak aurreratu duenez, 93 pertsonako euskal delegazioa abiatuko da Belfastera: Gaztedi Elkarteak 49 pertsona eramango ditu, 29 Goiherrik eta 12 Mutriku Elkarteak.

Mutrikuko kideak entrenatzen
Mutrikuko taldetik honako hauek joango dira: Javier Urresti, Aitor Izagirre, Eder Bergara, Aitzol Urkiza, Ekaitz Arkotxa, Iker Goikoetxea, Jon Badiola, Mikel Agirre, Patxi Ituarte, Uxue Ansorregi, Angel Arrieta (entrenatzailea) eta Marije Ituarte (zuzendaritza taldeko kidea).
Horiez guztiez gain, hiru euskal epaile ere han izango dira,
Nazioarteko sokatira Federazioak (TWIF) konbokatuak epaile lanetan aritzeko: Jose Antonio Uriarte, Juan Miguel Raner eta Jose Mari Markaida. Denek irailaren 1ean ekingo diote bidaiari eta irailaren 7an bueltatuko dira.
Basque Country izendapenarekin lehenengoa
Txapelketari dagokionez, bi eratara sailkatuta jokatuko da. Lehenengo bi egunetan (irailaren 3an eta 4an) kluben arteko txapelketa jokatuko da eta azken bi egunetan (irailaren 5ean eta 6an) herrialdeko jokatuko da txapelketa. Aurten, gainera, Euskal Selekzioak Europa mailan Basque Country izendapenarekin jokatuko duen lehen aldia izango da. “Maila ona emango dugula uste dugu. Selekzioan gauden kideon artetik, behintzat, gogoa ikusten da. Orain ikusi beharko da lurra ze egoeratan dagoen, nolako eguraldia egiten digun edota aurkarien maila”, azaldu dute Mutrikuko kideek.
Basque Countryk honako taldeak izango ditu aurkari: Ipar Irlanda, Italia, Lituaniako Errepublika, Suitzar Konfederakundea, Suediako Erresuma, Eskozia, Irlanda, Ingalaterra, Letoniako Errepublika, Alemania, Hegoafrikako Errepublika, Txinako Errepublika, Belgika eta Gales.

Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak. Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea
Euskal taldea osatuko duten tiratzaileen artean, gainera, bertoko kirolariak ere egongo direla aurreratu du Mutrikuko taldeak. 680 kiloan tiratzen Patxi Ituarte, Eder Bergara, Iker Goikoetxea eta Javier Urresti ariko dira. 23 urtez azpikoetan, ordea, Jon Badiolak, Mikel Agirrek eta Aitor Izagirrek parte hartuko dute.
Klubei dagokionez, Mutrikuk 680 kiloan eta 640 kiloan parte hartuko du. “Pixuz ondo gabiltza oraingoan, 640 ondo sartuko garela uste dugu. Hortaz, 680an sartzeko ez dugu inongo arazorik izango”. Aurten talde eratu berria du Mutrikuk eta denboraldia oso ona izan ez baldin bada, Europako txapelketan emaitza onak lortzea espero dute. “Ea zelako maila erakusten dugun. Hirugarren edota laugarren postua lortuz gero, gu pozik”.