Atzemateko agindupean bazegoen ere, berak bizi duen errealitatea kontatzeko aurrez aurre hitz egiteko prest agertu zen atzo munitibartarra; dena mahairatzeko garaia dela zioen. “Gaur [abuztuak 31] nire bila etorri dira, eta ez naute aurkitu. Baina jakin badakit, seguruena bihar [irailak 1], eta bihar ez bada etzi [irailak 2], espetxera eramango nautela”. Hitz horiexekin hasi da berbetan Cardaño. Atzoko eguna gogoan zuela, azken hamabi urteetan bizitakoa kontatzen hasi zen.

Aingeru Cardaño, Espainiako Barne Sailak zabaldutako irudian.
2007ko uztailaren 2a zen Cardaño Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) atxilotu zutenean, Ekaitz Agirre Goñi eta Joseba Aranibarregaz batera. Ustez,
ETAko Elurra komandoko kideak izateagatik atxilotu zituzten hirurak. Cardañok, beste atxilotuekin batera, torturak jasan izana salatu izan du. “Baina beti gertatzen den moduan, salaketa horiek ez ziren inora joan”, dio munitibartarrak. Cardaño Frantziako Fleury Merogis espetxean egon zen preso 2013ko urtarrilera arte, “egoera oso txarrean”, haren senideek salatu zutenez.
Zigorra bete ostean
, Euroagindu eskaera bat tarteko utzi zuen Frantziak Espainiaren esku. 2013an beste kale eraso batengatik absolbitua izan ondoren aske geratu zen; 2002. urtean Bilbon autobus bat erretzea leporatu zioten. Epaiketa horretan Lander Fernandez santutxuarragaz batera epaitu zuten munitibartarra. Absolbitu egin zituzten, eta aske geratu ziren biak.
2014ko azaroan, baina, hirugarren epaiketa bat eduki zuen Cardañok. Horretan 3 urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Cardañori, 2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatuta. Fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Munitibarko bizilagunarentzat, eta defentsa abokatuak absoluzioa. 2001eko gertakaria izanik, 2014ko amaieran epaitu izanagatik jaitsi zion epaileak zigorra 5 urtetik 3 urtera. Helegitea jarri zuen Cardañoren defentsa abokatuak, baina joan den ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak 3 urteko kartzela zigorra berretsi zuen. “Bagenekien hau gerta zitekeela; Espainiako justiziak joko makabroa erabiltzen du euskal herritarrak zigortzeko”, adierazi zuen Cardañok erabakiaren berri eduki zuenean. Argi zeukan ez zuela bere burua entregatuko: “Edozein momentutan etor daitezke etxera, edo kalean nabilela gelditu eta eraman ahal naute”, esan zuen orduan.
Cardaño: “Bagenekien hau gerta zitekeela; Espainiako justiziak joko makabroa erabiltzen du euskal herritarrak zigortzeko”
“Badirudi gu espetxean sartzea bilatzen zutela. Eta azkenean, hiru epaiketa egin ostean, lortu dute. Baina kontraesanak han eta hemen daude. Torturapean egindako deklarazioetan oinarritzen dira eta horrek ez dauka ez hanka ez bururik”, dio orain Cardañok.
Orain arte bizitako guztiaren gainean “irakurketa politikoa” egiten dutela dio munitibartarrak. “Izan ere, epaiketa politiko bat ez bada, zergatik esaten dute gure kasuak ezberdinak direla? Zergatik ustezko delitu horiek ez dira preskribatzen? Nola ez dugu esango epaiketa politikoak direla eurek tratamendu berezi hori ematen baldin badigute?”.
Cardañok
EAJren jarrera ere gogor kritikatu du. “EAJk behin eta berriz esaten dio ezker abertzaleari autokritika egin behar dela. Bada, zergatik eurek ere ez dute egiten? Ertzaintzaren jokabide bortitza argi geratu da bai Jone Amezagaren atxiloketan eta baita Gasteizko harresian ere. Eta horiek adibide bi baino ez dira. Zergatik ez dute tortura salaketetan sakontzen? Guk hasieratik salatu genituen torturak, eta gutxira ukatu egin genituen. Zergatik? Torturak dira gure deklarazioetako kontraesanen arrazoiak”.
Europar Batasuneko Torturen Ikertzaileak bere kasua jaso zuela ere badaki Cardañok. “Gu hondar ale bat gara, baina ikertzeko asko eta asko dago. Zergatik EAJk ez du horretan sakontzen? Autokritika egin egin behar bada, egin dezagun guztiok, ez batzuk bakarrik”.
Guzti honen aurrean
giltza herriak daukala dio. “Herriak dauka gaitasuna hau gelditzeko. Gizartearen inplikazioa beharrezkoa da. Herri honek asko sufritu du eta nahiz eta batzuk sufrimendu zati batzuk ukatu, guztia bistaratu behar da.
Informazio guztia eman behar da, eta gero bakoitzak bere ondorioak atera ditzala. Baina gauzak ez dira erdizka kontatzen. Ezin da esan
gu onak gara eta haiek txarrak. Dena mahai gainean jarri ostean, bakoitzak atera ditzala kontuak nor den ona eta nor txarra”.
“Herri honek asko sufritu du eta nahiz eta batzuk sufrimendu zati batzuk ukatu, guztia bistaratu behar da. Informazio guztia eman behar da, eta gero bakoitzak bere ondorioak atera ditzala”
Espetxera sartu behar dela jakinda ere, konponbide garaia dela aldarrikatu du. “Benetako konponbidea lortzeko ordua da eta egia jakin behar da. Gurea kasu bat baino ez da eta gizarteari hori guztia ikustarazi behar zaio”.
Barruan zer sentitzen duen galdetzerakoan, egoera ikuspuntu orokorretik ikusten ahalegintzen dela dio. “Hirugarren aldia da espetxeratzen nautela. Etxean ume bat, bikotekidea eta familia ditut, baina guztia ikuspegi orokor batetik ikusten dut. Hau ez zait gertatu Aingeru naizelako. Guzti honen atzean arrazoi politikoak daude”. Halaber, oraindik orain, benetako zauriak ez direla itxi dio. “Ehunka preso daude, sakabanatuta eta gaur egun bizi dugun egoeran horrek ez dauka zentzurik. Ehunka iheslari etxera ezin itzulita… Zauriek hor diraute”.
Abuztuaren erdialdean Bilbon egindako agerraldian esan modura,
ez dela
ezkutatuko dio. “Nik nire bizimodu normala egiten jarraituko dut, eta etxekoekin egongo naiz, azken unera arte”. Eta horrelaxe izan da.