Samikolla auzoko Jai Batzordeko kideek horrela adostuta, aurten inoizkorik arinen hasi dira auzoko jaiak. “Jai Batzordeko kideok jaiak astebete aurreratzea erabaki dugu. Bestelakoan, Galbaixoekin bat zetozen eta. Hala ere, ohi baino jende gutxiago ibili da. Hori bai, giroari eutsi diogu. Bertan batu garen guztiok, eguraldia lagun, zoragarri pasa dute”, azaldu zuten.

Samikollako auzotarrek egindako bazkaria. Argazkia: Aritz Larrea
Hain zuzen ere, aurreko zapatuan [abuztuak 29] ospatu zuten jaietako lehen eguna. Urtero egin modura, auzotarren txupinazoarekin eta brindisarekin hasi zituzten jaiak. Auzotarren iritziz jaien lehen momentua oso hunkigarria izan zen. “Brindisa oso polita izan zen. Urtero bezala, auzotar gehienok bertan batu ginen”.
Ondoren, auzo bazkarian 40 bat lagun batu ziren. Giro onean bazkaldu eta gero, arratsaldean Ibiri ganadutegiaren eskutik pottokekin eta zezen txikiekin jolasteko aukera izan zuten herriko gazteenek. Antolatzaileen arabera, herriko jende asko batu zen zezen txikien aurrean saltaka.

Auzoan egindako sokamutur txikia. Argazkia: Aritz Larrea
Sokamuturrarekin amaitu eta gero, aldiz, Petti abeslari eta gitarrista beratarrak girotu zituen afal aurreko uneak. “Pettik sekulako giroa sortu zuen. Gazte zein helduagoak ere bertan egon ziren kantariaren abestiekin gozatzen”.
Jaien lehen egunarekin amaitzeko, kontzertu gehiago egon ziren aukeran. 4P4 talde ondarrutarrak sekulako giroa ipini zuen oholtza gainean. Azkenik, sorpresa modura erromeria egon zen ordu txikiak arte. “Kontzertuetan ez zen jende askorik batu. Gure ustez, abuztuaren azken asteburuan jende asko oporretan dago, eta hori igarri egin zen. Kanpoko herrietan ere jaiak izan dira, eta horrek ere eragina izan du”.
San Nikolas egunean [irailak 10, eguena] jarraituko dute ospakizunek.
EGITARAUA
- 11:00. Meza santua
- Ondoren, omenaldia
- Amaitzeko, salda eta txorizoa