Jasone Osorok irabazi zuen iaz Agustin Zubikarai nobela saria.
Nobelak sortzeko beka deialdian parte hartzeko interesa dutenek, helbide honetara bidali behar dituzte idazlanak:
mrey@ondarroakoudala.net. Era berean, partaideek Ondarroako udaleko euskara sailera deitu dezakete haien zalantzak argitzeko edota bestelako informazioa jasotzeko: 946 833 668.
Partehartzaileek lanak aurkezterakoan izen-abizenak, helbidea, nortasun agiriaren kopia eskaneatua, posta elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte. Halaber, landuko duten kontakizunaren azalpena (2.000-6.000 karaktere) bildu beharko dute, haren ezaugarriak zehaztuz: argumentua, egitura, estiloa… Idazlanaren lagina ere osatu beharko dute, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa.
Lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izan behar dute; beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edota argitaratu gabekoak izan behar dira. Hala, aurretik beka irabazi dutenek ezin dute berriz parte hartu.
Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du. Diru kopuruaren erdia irabazle izendatzen dutenean jasoko du, eta beste erdia idazlan amaitua aurkeztu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek izango dute lanak epaitzeko ardura.
Hala ere, aurkezturiko lanak kalitatezkoak ez badira beka eman gabe geratuko da.
Irabazleak gehienez urtebeteko epea izango du idazlan amaitua Ondarroako Udalari bidaltzeko.
Ondarroako udalak eta Elkar argitaletxeak euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz antolatzen dute Agustin Zubikarai saria. Iaz 26 lan aurkeztu ziren, eta horietatik Jasone Osoro elgoibartarraren
Sick lanak irabazi zuen.