Eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte Lekeition
300 lagun baino gehiagok parte hartu zuten atzo gauean, Tortola kaletik irtenda, Lekeition zehar egin zen manifestazioan. Jaietan eraso sexistak ez dituztela onartuko esan zuten ozen. Gaur hasiko dira San Antolin jaiak Lekeition, eta jaiak hasi aurretik, kaleak emakumeenak ere badirela adierazi nahi izan dute lekeitiarrek.
Atzo gaueko manifestazioa baina, ez da eraso sexisten kontra egingo den ekimen bakarra. Eraso sexisten kontra, konta niaz! lelopean kanpaina bat jarri dute martxan Lekeitioko Potxuak Martxan emakume taldeak eta Emakume Gaztien taldeak. Helburu nagusia emakumeen arteko laguntza sarea osatzea da, autodefentsa feminista eratzea. Horretarako hainbat ekimen eta tresna jarriko dituzte martxan jaietan.
“Azken aldi luzean komunikabideak ikustea besterik ez dago, egoeraren larritasunagaz konturatzeko. Sistema heteropatriarkal honek, etxean, ezkutuan, otzan ta biktima papelean nahi gaitu. Hori betetzen ez dugulako zigortuak gara, erasotuak, zapalduak. Ez da kasualitatea kale-ilunetan ikara izatea, tabernan ezeroso sentitzea, gure itxura eta jarrerengaitik epaituak izatea, dantzan lotsatzea, gure sexualitatea eta desirak erreprimitzea… Emakume eredu bakarra erabakita dute: heterosexuala, formala, argala, garbia, atsegina, behargina… Hor enkajatzen ez dugunean marimutilak, putak, zoruak edo isterikak gara. Ba bai, horrela aldarrikatzen dugu ganera. Askiak izan nahi dugulako eta askatasun hori lortzera goazelako”, adierazi dute.
Lekeitioko kaleetan trankil eta gustora nahi dutela ibili esan dute emakumeek. “Jaiak danonak dirazelako eta ondo pasa nahi doguzelako, eta emakume bat erasotua bada, danok gara erasotuak eta danon artian erantzungo dugu. Erasotzaileek aurrean izango gaituzte”, azpimarratu dute.
Emakumeen arteko laguntza-sareak osatzeko herraminta desberdinak erabiliko dituzte. Erasoen gaineko protokoloa bistaratuko dute eta Lekeitioko taberna eta txosnetan jarriko dute ikusgai. Bestetik, bateren bat erasotua sentitzen denerako eta ingurukuen babesa eskatzeko Txiribituak banatuko dituzte. Azkenik, Eraso sexisten kontra, KONTA NIAZ txapak banatuko dituzte. “Emakumeen elkartasunarekin eta herritar guztien erantzukizunarekin erasotzaileak jai guneetatik kanporatuko ditugu. Erasotzailiak ez dauke lekurik, eta Lekeitio denontzako espazio segurua izatea danon ardura da”.