Ondarroa Arraun Elkarteko arduradunek jakitera eman dutenez, bart gauean [abuztuak 31] lapurretan egin dute elkartean. Gorka Elordi elkarteko presidentearen iritziz, lapurrak diru nahian sartu dira. “Dirudienez, nesken aldegeletako leihotik sartu dira eraikinera. Bulegoan ibili direla esan didate, izan ere, han dena hankaz gora aurkitu dute eta gastu arruntetako izaten dugun kutxako diru apurra falta da”.
Nesken aldageletako leihotik sartu dira lapurrak. Argazkia: Ondarroa Arraun Elkartea
Bulegoan kalte materialak eta nahasmena agerian geratu dira, baina dirudienez ez dute beste balioko materialik eraman. Lapurretaren berri arratsaldean izan dute elkarteko arduradunek, entrenatzera joan direnean. Ostean, Udaltzaingora zein Ertzainetara deitu dute gertaeraren berri emateko.
Arraun elkarteko bulegoa erabat nahastuta. Argazkia: Ondarroa Arraun Elkartea
Mutrikun ere bai
Ertzainek jakitera eman dutenez, 17:00ak aldean jaso dute lapurretaren berri. Era berean, atzo [abuztuak 31] Mutrikun ere beste lapurreta bat salatu zutela ohartarazi dute ertzainek. Haiek esandakoaren arabera, oinezko bati diru zorroa lapurtu zioten.