Beste urtez batez,
Saltillo eskola ontzia bisitatzeko aukera egon da Mutrikun. 1932an eraikitako belaontzi ezaguna atzo [abuztuak 31] goizean atera zen Hondarribiako portutik, eta iluntzean porturatu zen Mutrikun.
Herritarrak belaontzira sartzen
Eskifaiako kideek adierazi dutenez, zeharkadian nahikoa itsaso zakarra eta haize bolada handiak izan zituzten. Momentu batzuetan, esaterako, 30 korapilo pasatxoko haize ufadak ere gainditu behar izan zituen ontziak. Hala ere, inongo arazorik gabe porturatu ziren Mutrikun Mikel Lejarza kapitaina eta Portugaleteko
Nautika eta Makinetako Goi Eskola Teknikoko hamalau ikasleak.
Bihar [irailak 2] goizera arte 26,25 metroko luzera eta 5,25 metroko zabalera dituen ontzia portuan lotuta egongo da, eta nahi duen guztiak berau bisitatzeko aukera izan du goizean zein arratsaldean. Portuan ibili diren asko harrituta geratu dira itsasontziarekin, eta asko izan dira dudan jarri gabe, ontzian sartu, eta belaontzi historikoa bertatik bertara ezagutu nahi izan dutenak.
Bisitan ibili diren haurrak lema probatzen
Bertaratu direnek ontziaren goiko aldea ikusteko aukera besterik ez dute izan, eta jakin-min handiarekin ibili dira belaontziak erakusten zien guztia ikusten eta miresten. Bisitariek galdera ugari egin dituzte, eta eskifaiako kideek gogotsu erantzun diete galderei. Batez ere, haurrek gozatu dute bisitarekin. Askorek lema eskuetan hartu eta segundu bakar batzuetan bada ere, kapitain zirela amestu dute.
Eguneroko zereginek eta bisita gidatuek utzitako tarteetan, aldiz, ontziko kideek herria ezagutzeko ere aprobetxatu dute. Izan ere, ez dira herrian luzerako egongo. Hain zuzen ere,
Saltillok bihar [irailak 2] Bermeoko porturako bidea hartuko du.
Bihar goizera arte ‘Saltillo’ Mutrikuko portuan lotuta egongo da
Udaro egin bezala, Kantauri itsasoan nabigatzen ibili da belaontzi ezaguna. Hainbat toki bisitatu eta gero, asteon Santurtziko portuan amaituko dute azken asteotan egindako itsas ibilaldia. Geldialdi txiki bat egin ondoren, iraila erdialdean Frantzia aldera egingo dute udako azken bidaia.