Mutrikuko Errugbi Eskolak antolatuta, zapatuan [irailak 5] goi mailako rugbi partida ikusteko aukera egongo da San Migel futbol zelaian. 17:00etatik aurrera,
Eibarko eta
Durangoko nagusien errrugbi taldeek denboraldi-aurreko bigarren partidan neurtuko dituzte indarrak.
Uztaila hasieran Mutrikun egindako errugbi topaketa. Argazkia: Mutrikuko Errugbi Eskola
Ohorezko mailan jokatzen duten bi taldeek aste batzuk barru hasiko den denboraldirako prestatzeaz gain, eskualdean hain ezaguna ez den kirola sustatzeko balioko duela uste dute herriko eskolako kideek. “Pozik gaude maila horretako talde birek denboraldi-aurreko partida bat bertan jokatuko dutelako. Eskolako kideok talde biei Mutrikun jokatzeko proposamena egin genien , eta baiezkoa eman ziguten. Gustura gaude, kirola herrian eta inguruetan ezagutzera emateko aukera bikaina dela deritzogu”.
Hain zuzen, aste batzuk barru hasiko da berriro ere martxan Mutrikuko Errubgi Eskola ere. Orain bi urte hasi ziren, eta hirugarren urtez ikasturtea hasteko gogotsu daude. Arduradunen iritziz, zapatuan herrian jokatuko den partidarekin herriko gazteenak rugbira hurbiltzeko esperientzia aberasgarria izan daiteke. “Jokalariek nola jokatzen duten eta kirola zertan datzan hurbiletik ikusteko aukera egongo da. Hau guztia etorkizunean jende berria taldera gerturatu eta gurekin batera kirola egitera animatzeko garrantzitsua dela deritzogu”.
Mutrikuko errugbi topaketak. Argazkia: Mutrikuko Errugbi Eskola
Sarrera doakoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Zaleek zein kirol hau ezagutu nahi duten guztiak beso zabalik hartuko dituzte futbol zelaiko harmailetan. Partida amaitu eta gero, gainera, jokalariek errugbian hirugarren denbora deritzona egiteko aukera izango dute. Beheko Plazan jarraituko du errrugbiaren aldeko jaiak, eta hantxe batuko dira jokalariak zein ekimenaren antolatzaileak, 19:00ak aldera.