Euriaren beldurrez, elizpean hartu dute aterpea gaur goizean, 29. malailau eta 21. Paella txapelketako parte hartzaileek. Janari usainez bete dute Jasokundeko Andra Maria elizaren azpia kuadrillek. Goiz ibili dira batzuk lanean, besteak lasaiago, baina guztiek orduan entregatu dituzte makailau kazolak lehenengo eta paellak ordu bete beranduago.

Epaimahaiko kideak makallau txapelketako irabazleagaz.
Aurten, bost izan dira makailau txapelketan parte hartu duten kazolak. Azken urteetan bezala, hiru lagunek osatu dute epaimahaia. Gustua, gatz puntua eta itxura izan dituzte kontuan. Bost kazoletatik bik, gatz gehiagi izan dutela jakitera eman du Jose Antonio Bastegietak, eta beraz, beste hiruren artean erabaki dute irabazlea. Puntu erdiagatik, 61,5 puntugaz Ekipo Pollito izan da 29. Makallau Txapelketako irabazlea. 180 euro eraman dituzte sari modura.
61 puntugaz berdinduta bigarren eta hirugarren postua lortu dute iazko irabazleak, Andoni Palaciosek eta Anayak-ek. 80 eta 60 euro eraman dituzte hurrenez hurren. Horretaz gainera, 20 euroko dieta ere eraman dute parte hartzaile guztiek.
13:30ean atera dituzte parte hartzaileek, kioskoaren aurreko mahaietara, paellak. Guztira, 40 paella aurkeztu dira 21. urtez Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatu duen txapelketara. “Pozik eta zegoen giro onagaz gustura” egon direla adierazi dute epaimahaiko kideek. Hiruren artean berba egin ondoren, paella askok arroz gehiagi izan dutela adierazi dute, “baina orokorrean polito egon dira”. Beraz, batez ere gazteak hurrengo urteetan ere parte hartzera animatu dituzte eta arroz gehiegi ez botatzeko gomendatu diete.
Ordu bete beranduago hartu du erabakia epaimahaiak. 53 puntugaz, Esther eta Alicia izan dira aurtengo irabazleak. Bigarren saria Bilusgorrik eraman du eta hirugarrena Tximistak. Puntuetan berdinketa izan dute talde biek, 51,5 puntu, baina, antolatzaileek aurretik azaldu dutenez, gustuan puntu gehiago lortzen duenak irabazten du.

Paella txapelketako irabazleak.
Azkenak ere eduki dute saria, Limoi Horia. Txizipozorena izan da aurtengo sanantolinetan puntu gutxien lortu dituen paella.
Elixopean jana egin badute ere, plazara atera dira bazkaltzera kuadrillak. Eguraldi ona eduki dute Lekeition goizean, eta aterri jarraitzen zuela ikusita, plaza bete dute. Musika ere eduki dute, gainera, bazkalordua girotzeko.
Kontzertua
Batzuk, makallau eta paellak egin eta ikusten zituzten bitartean, besteak Eskolapean batu dira Itxaropena txistularien kontzertua entzun eta ikusteko. San Kristobal Plaza bete egin dute beste urte batez, Itxaropenako musikariek. Txistuen doinuez gainera, dantzarien laguntza ere izan dute, aparteko ikuskizunean. Azkenik, entzuleek ere parte hartu dute emanaldian doinu ezagunak abestuz. Forjalarien kanta, Aitorren Hizkuntz Zaharra eta Aita Semeak abestu dituzte hasteko.