
Atzo [irailak 2] Merino eta Ezkurdiaren kontra galdu zuten finalerdia, eta irabazleak domekako finalera sailkatu dira.
22-12 amaitu zen partida, Santi Brouard pilotalekuan. Nahiko berdinduta hasi zen bikote bien arteko lehia; Irusta eta Irujo markagailuan aurretik hasi ziren, baina, alde estuarekin, eta ez zien askorik iraun. 6-6 berdinketaren ostean, Merino eta Ezkurdia jarri ziren aurretik.
Hain zuzen ere, irabazleek estrategia garbia zuten: Irustari pilota bidali, eta ahal zela Irujok pilota ukitzea saihestu. Merino izan zen partidako protagonista; maila itzela erakutsiz azkenaldiko mamuak aldentzea lortu zuen, partidaz gozatuz.
Bihar beste finalerdia
San Antolin torneoaren baitan bihar erabakiko da finalera sailkatuko den beste bikotea. Urrutikoetxea-Untoria eta Olaizola II-Ibai Zabala bikoteek jokatuko dute finalaurrekoa.
Bestalde, beste bi neurketa izango dira ikusgai Santi Brouard frontoian. Batetik Arretxe II-Iturriaga eta Elezkano II-Begino arteko partida izango da. Bestetik Olaetxea-Iza eta Tainta-Apraiz bikoteek eskainiko dute pelota ikuskizuna. 17:00etatik aurrera jokatuko dituzte pilota partidak.
Finala domekan
Urtero moduan, Antzar Egunean jokatuko dute sanantolinetako final handia. Finalagaz batera, beste bi neurketa jokatuko dituzte. Retegi Bi-Zubieta eta Elezkano II-Aretxabaleta bikoteen arteko lehia egongo da, eta baita Tainta-Iturriaga eta Dario-Cecilio bikoteen artekoa ere.
Domekan, 17:00etan hasiko da lehenengo partida.