Urdaibaik irabazi du gaur arratsaldeko Kontxako sailkapen estropada. Lekittarra eta Ondarroa, berriz, Kontxatik kanpo geratu dira aurtengoan ere.
Ondarroa Arraun Elkarteko kideak. Argazkia: Ondarroa Arraun Elkartea
Zazpi txartel zeuden jokoan, eta horiek lortzera atera dira 24 traineruak. Izan ere, Donostiarra etxeko arraun taldea zuzenean sailkatzen da, sailkatze estropada lehiatu gabe.
Hala, Urdaibai estropadako irabazleagaz batera, arraun talde hauek sartu dira Kontxako lehian: Hondarribia, Orio, Kaiku, San Pedro, Tiran eta San Juan.
Hain zuzen ere, zazpigarren lekua lortzeko unean alde oso estua egon da San Juanen eta Astilleroren artean. Azkenean, 22 ehuneneko aldeagaz pasaiarrek lortu dute domekarako txartel preziatua.
Bestalde, Urdaibai irabazlearen eta Hondarribia bigarrenaren artean ere tarte estua egon da, 90 ehuneneko aldea baino ez.
Gainerako faboritoek ere ez dute utzik egin, eta Oriok eta Kaikuk hirugarren eta laugarren amaitu dute estropada, hurrenez hurren.
Bestalde, San Pedrok ezuztekoa eman du, bosgarren denbora onena markatuz: 20 minutu, 29 segundo eta 93 ehunen. Estropada hasi aurretik ez zen txartela lortzeko hautagaia, baina, lan bikaina eginda merezitako saria jaso du.
24 ontziak bi taldetan banatuta atera dira. Lehenengo multzoan egon dira Lekittarra eta Ondarroa.
Lekeitioko arraun taldea izan da lehenengo multzoko azkarrena, 21 minutu, 5 segundo eta 65 ehuneneko denboragaz.
Bestetik, ondarrutarrek ere lan ona egin dute, eta 21 minutu, 13 segundo eta 99 ehunenean amaitu dute estropada.
Zumaia emakumezkoetan
Gizonezkoen aurretik lehiatu dute emakumezkoen sailkatze estropada. 11 traineru zeuden, baina, laurentzat lekua baino ez dago domekan.
Zumaia nagusitu da, 11 minutu, 12 segundo eta 64 ehuneneko denbora eginda.
Hala, Zumaiagaz batera, honako beste arraun taldeek lortu dute Kontxako banderarako txartela: Hibaika, Orio eta San Juan.
Hain zuzen ere, datorren urtetik aurrera emakumezkoetan ere zortzi traineruk izango dute Kontxako bandera lehiatzeko aukera.
Domekan lehen hitzordua
Domekan lehiatuko dute Kontxako banderaren lehenengo jardunaldia.
Sailkatutako emakumezkoen arraun taldeek 11:00etan dute hitzordua. Eta gizonezkoak, berriz, ordu bete beranduago hasiko dira lehian. Datorren astean, hilaren 13an ere ordu berean hasiko dute lehia bi kategorietan.
Sailkapenak:
Gizonezkoak:
- Bermeo-Urdaibai: 20:10:02
- Hondarribia: 20:10:92
- Orio: 20:14:20
- Kaiku: 20:17:88
- San Pedro: 20:28:68
- Tiran: 20:30:24
- San Juan: 20:34:40
- Astillero: 20:34:62
- Cabo: 20:45:52
- Getaria: 20:58:86
- Portugalete: 21:01:18
- Lekittarra: 21:05:52
- Deusto: 21:12:00
- Zumaia: 21:12:42
- Ondarroa: 21:13:86
- Amegrove: 21:18:98
- Mugardos: 21:22:28
- Zierbena: 21:25:46
- Zarautz: 21:31:00
- Pedreña: 21:32:90
- Ares: 21:34:58
- Hibaika: 21:55:62
- Castropol: 22:05:86
- Oiartzun: 23:13:88
Emakumezkoak:
1.Zumaia 11:12:64
2.Hibaika +15.00
3.Orio +15.14
4.San Juan +18.38
5.Cabo +39.30
6.Getaria-Zarautz +44.64
7.Donostiarra +1:10.10
8.Chapela +1:23.42
9.Hernani +1:24.70
10.Oiartzun +1:52.78
11.Colindres +2:10.70