Atzoko etapa ezin izan zuen amaitu Etxebarriko txirrindulariak. Bederatzigarren etapan erori eta min hartu zuenetik ez da lehiatzeko moduan egon, hala ere, atzoko etapa hastea erabaki zuen.
Denboragaz erorikotik hobetuko zela uste zuen Txurrukak, baina, ez da horrela izan. “Etapa hasi eta konturatu naiz ezin nuela indarrik egin eskuineko koadrizepsarekin. Okertuta ibili naiz pedalei eragiten, beherantza ere ezin nuen”, adierazi zuen atzo etapa utzi ostean.
Azaldu duenez, “minduta” dago, baina, gehien mintzen duena taldeari laguntzen jarraitu ezin izana da. “Taldean Vuelta oso ona egiten gabiltza, taldea erakusten ari den maila ikusgarria da eta etxera bueltatu behar izanak izorratzen nau”. Bere indar “guztiekin” saiatu dela dio, baina, gehiago ezin izan duela. “Elongazioa dut eta jostun giharraren eta koadrizepsaren hezurraren arteko lotunean edema bat, eta horrek ez dit esfortsurik egiten uzten”.
“Pena eta amorrua” sentitu ditu Txurrukak, Vuelta “kontzientziaz” prestatu baitu. Hala ere, hurrengo hitzorduei begira dagoela esan du Etxebarriko txirrindulariak. Sendatu eta Italiako eta Frantziako klasiketarako prest egotea espero du: “Lasterketa horiek ditut buruan, urtea ahalik eta modu onenean borobildu nahi dut”.