TKE-ko liderra izan da azkarrena Kontxako lehenengo hitzorduan
Hondarribiak irabazi du Kontxako banderaren lehenengo jardunaldia. Segundo bat eta 92 ehuneneko errenta atera dio Urdaibai bigarrenari. Emakumezkoetan San Juan nagusitu daTKE Ligako liderrak abisua eman zuen herenegungo estropadan. Denboraldian bere na...
Hondarribiak irabazi du Kontxako banderaren lehenengo jardunaldia. Segundo bat eta 92 ehuneneko errenta atera dio Urdaibai bigarrenari. Emakumezkoetan San Juan nagusitu da
TKE Ligako liderrak abisua eman zuen herenegungo estropadan. Denboraldian bere nagusitasuna erakutsi du Hondarribiak, eta Kontxako lehenengo jardunaldian ere ezer oparitzeko asmorik ez duela argi utzi du.Urdaibai bigarren sailkatu zen. Baina ezer ez dago erabakita. Hondarribitarren eta bermeotarren arteko aldea txikia da. Segundo bat eta 92 ehuneneko errenta baino ez daukate Ama Guadalupekoa-ko mutilek.
Beste kiroletan moduan, arraunean ere edozer gerta liteke; beraz, lehia bizia eta ikusgarria aurreikusi daiteke datorren domekarako.
Kontxako lehen jardunaldian TKE ligako beste bi talde indartsuek ere ez zuten utzik egin. Orio eta Kaiku hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Lehenengo txandan bigarren kaletik irtenda, 19 minutu, 14 segundo eta 66 ehuneneko denbora egin zuen Urdaibaik. Bere txandako azkarrena izan zen. Bigarren luzearen amaiera ikaragarria egin zuten bermeotarrek. Oriotarrak heldu ziren atzetik, 12 segundo eta 52 ehunenera.
Txandako beste biei errenta handia atera zien Urdaibaik, Sanpedrotarrari 34 segundo eta 66 ehunenekoa eta Donostiarrari, berriz, 59 segundo eta 6 ehunenekoa.
Ustekaberik barik
Bigarren txandan, Kaiku irten zen lehenengo kaletik, Hondarribia bigarrenetik, Tiran hirugarrenetik eta San Juan laugarrenetik.
Txanda horretan ere ez zen ezustekorik egon. Hondarribiaren atzetik, Kaiku izan zen bigarren txandako bigarrena, 15 segundo eta 82 ehunenera.
San Juan hirugarrena, berriz, lehenengoarengandik 22 segundo eta 88 ehunenera heldu zen. Eta Tirani 29 segundo eta 86 ehuneneko errenta atera zion Hondarribiak.
Halaber, Hondarribiak markatu zuen denborarik onena ziabogan: 9 minutu eta 54 segundo.
Haiekin batera, bermeotarrak izan ziren ziaboga egiteko 10 minutu baino gutxiago behar izan zuten bakarrak, 9 minutu eta 57 segundo, hain zuzen.
Gainontzeko traineruei dagokienez, Oriok 10 minutu eta 2 segundotan egin zuen ziaboga, eta Oriok baino segungo bat gehiago behar izan zuen Kaikuk.
Lehen jardunaldiaren ostean, domeka honetan argituko da zein den aurtengo Kontxako banderaren txapelduna.
Bigarren jardunaldian ohorezko txanda Hondarribiak, Urdaibaik, Oriok eta Kaikuk osatuko dute. Lehenengo txandan, ostera, San Juan, Tiran, San Pedro eta Donostiarra egongo dira.
Beste alde batetik, gizonezkoen aurretik, emakumezkoak lehiatu ziren herenegun, eta San Juanek egin zuen denborarik onena.
Arrosek 10 minutu, 36 segundo eta 36 ehunenetan amaitu zuten estropada. Hibaika sailkatu zen atzetik, 2 segundo eta 14 ehunenera. Aurreko eguenean sailkatze estropada irabazi zuen Zumaia, berriz, hirugarrena izan zen domekako lehen jardunaldian. Hain zuzen ere, lehenengoarengandik 3 segundora amaitu zuen Zumaiak, Nagore Osoro ondarrutarra patroi zela; eta Orio laugarrenak 13 segundo eta 6 ehuneneko gehiago behar izan zituen.
Edozer gerta daiteke
Gizonezkoetan bezala, emakumezkoetan ere edonork irabaz dezake domekan bandera preziatua. Iaz gizonezkoetan Urdaibaik eroan zuen Kontxako bandera, eta emakumezkoetan, berriz, San Juanek.
Bi horiek iazko balentria errepikatzeko asmoz uretaratuko dira domekan, baina, gainontzeko arraun taldeak ere helburu beragaz lehiatuko dira.
Herenegun modura, datorren domekan ere 12:00etan hasiko da gizonezkoen estropada, eta ordubete lehenago ekingo diote lehiari emakumezkoek.