Cristina Uriarte Toledo
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak
Antxustegi ontzia “bere balio historiko eta kulturalagatik” konpondu egingo dutela jakitera eman du. Ondarroako ontzia diesel motordun geratzen den euskal atunontzi bakarra da.
Hain zuzen ere, Albaolak egindako azken txostena aztertu ondoren hartu du erabakia Jaurlaritzak. Behin hori onartuta, hiru pausotan egingo da Antxustegiren berreskuratzea.
Salba dezagun Antxustegi plataformak egindako elkarretaratze bat. Argazkia: Salba dezagun Antxustegi
Lehenengo eta behin,
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan orain dagoen tokitik lekuz aldatzea komeni dela onartu dute. Hori dela eta, berau euritik eta hezetasunetik babestuko duen toki egokiago bat bilatuko diote, modu horretara “bere iraunkortasuna bermatuz”. Albaolako txostenean agertzen zen alternatiba aztertuko dute lehendabizi, eta hura balizkoa ez baldin bada, beste alternatiba batzuk bilatzen saiatuko dira.
Tokiz aldatu ostean, iraunarazte tratamendu berezi bat emango diote ontziari, onik ez dauden ontziko atalak erabarrituz. Azkenik, hirugarren fasean, zaharberritzeari eta berreraikitzeari ekingo diote.
‘Antxustegi’-k agertzen duen narriadura. Argazkia: Salba dezagun Antxustegi
Erabaki horiez guztiez gain, urtea amaitu orduko Euskal Herriko egurrezko ontzien inbentarioa egingo dutela jakitera eman du Jaurlaritzak. Zerrenda egin ostean, Albaolako txostenean gomendatzen den modura, egoeraren diagnostiko bat egingo da, eta esku hartze plan bat martxan jarriko da, lehentasuna duten ontziekin hasiz.
Berri pozgarria
Albistea begi onez ikusi dute Salba Dezagun Antxustegi plataformako kideek, eta pozik daude Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiagaz. Luze jo du guztiak, eta bide luze honetan laguntzaile izan dituzten guztiei euren esker ona erakutsi nahi izan die Antxustegitarrek. “Marrazkiak egin dituzten Ondarroako ume guztiei gure esker ona eman nahi diegu. 400 marrazkitik gora jaso ditugu ikastetxeetan. Ondarrutar guztiei eta sinadura bilketan zein egindako elkarretaratzeetan euren atxikipena eman dutenei ere eskerrak. Guztira, 6.000 sinadura inguru batu dira. Horiez gain, Estitxu BreƱas legebiltzarkidearen eta Asier Sanz Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidearen laguntza gabe ere, hau guztia ez litzateke posible izango. Eurei esker, gure eskaria hainbat erakundeetara eraman dute”.
Gabriel Arrizabalaga ondarrutarra ontziaren maketa egiten. Argazkia: Sabin Antxustegi
Erabakia hartuta baldin badago ere, ontziaren konponketa lanak lehenbailehen hasi beharko liratekeela nabarmendu dute plataformako kideek. “Nahiz eta ondare balioa onartu, ez da mugimendurik egin. Berreskuratze lanak hastea ahal denik azkarren hastea komeni da, bestelakoan, ontzia alperrik galtzeko aukerak handiak dira. Bere egoera oso txarra da, eta ez badute egunotan lehenbailehen egonkortzen, asko hondatuko da”.
‘Antxustegi’ atunontzia. Argazkia: Salba dezagun Antxustegi
Izan ere, egunotan brankako masta erori egin da, eta ontziaren bizkarra ere nabarmen hondaratzen ari da. “
Antxustegi eramaten ahalegindu zirenean, nahikoa kalte eragin zituzten ontzian, eta horren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira azkenaldian. Berau eusten duten egurretako asko falta dira, esaterako, eta horien faltan txalupak ez du nahikoa sostengurik”.