Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, herritar asko batu da gaurkoan [irailak 9] Oibarko ermita eta inguruetan. Jaien azken egunean Oibarko Amaren Eguna goi-goitik ospatu dute erromeria eta guzti.
Herritar asko batu dira meza osteko hamaiketakoan
Aita Jose Luisek eman duen mezatan nahikoa jende batu da, eta bertan egon direnek elizkizuna “oso polita eta hunkigarria” izan dela nabarmendu dute. Ohikoa den legez, Andra Mari jaietan abesten duten
Eguzkia deritzon kantarekin amaitu dute meza.
Meza ostean, elizkizunean egondako herritarrak eta kanpotik etorritakoak ermitaren alboko zelaian batu dira, erromerian. Beñat eta Mikel trikitilariek girotuta, hamaiketako gozoa jan eta eztarriak bustitzeko aukera izan dute herritarrek zein alboko herrietatik etorritakoek.
Kaliforniatik etorri dira Aida eta Timoteo
Asko, urtero etortzen dira hutsik egin gabe, baina aurtengoan erromerian estreinako egon denik ere izan da. Aida eta Timoteo Urberuagaren kasuan, esaterako, harrituta geratu dira Oibarren aurkitu duten giroagaz.
Kalifornian (Estatu Batuak) bizi da bikotea, eta Gizaburuagara senideak bisitatzera hainbat bidar etortzen badira ere, jaietan egoteko aukera lehenegoz izan dute. Asko gustatu zaizkie jaiak, eta errepikatzeko gogoagaz geratu dira.
Jende asko batu da Oibarko zelaian
Erromeria bazkalordura arte luzatu da, eta arratsaldean, berriz, jai giroak herrira jauzi egin du. Arratsadean lehen bizikleta ginkana egin dute. 20 parte hartzailek eman dute izena, eta zirkuituan ibili direnek arratsalde pasa ederra izateko tartea izan dute. Lau erregetara egin den mus txapelketan ere nahikoa jendek parte hartu du. Jaiak txokolate janarekin eta bolandrekin amaitu dituzte.