Karraspioren aldeko eguna ospatuko dute domekan Mendexan
SOS Karraspio-k antolatuta, hondartzaren inguruan aparkalekua egin, eta 24 etxebizitza eraikitzeko proiektua bertan behera gelditu izana ospatuko dute.
Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak proiektuak ezin duela aurrera egin ebatzi berri du. Joan den urteko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak proiektua eteteko agindua eman zuen, eta orain, Espainiako Auzitegiak berretsi egin du epaia.
SOS Karraspioko kideek azaldu dutenez, “bete beharreko baldintzak betetzen ez dituelako geratu da bertan behera”.
Eguna ondo hasteko, 09:30ean mendi ibilaldia hasiko dute. Karraspiotik irtengo dira, eta Mendexa goiko alderantz abiatuko dira. Proiektua egiteko zen inguru horretatik igoko dira, Likona eta Leagatik auzoetatik pasatu eta gero buelta egingo dute Karraspiora. Inguruaz gozatuz ordu bete pasatxoko ibilaldia egingo dute.
Eguerdirako, dzanga egiteko gonbita luzatu dute. “Entzun dugu eguraldiak ez digula lagunduko, baina, gure asmoa da ibilaldi amaieran denak batera dzanga egitea, uretara sartzea”.
Bainua hartu ostean, ekitaldia egingo dute eguerdian. Argazki erraldoia aterako dute parte hartu duten guztiek egunean bertaratzen direnekin batera. Gero topa egingo dute, eta hamaiketakoa jan. Jai giroa izango da nagusi, eta ez da musikarik faltako. Halaber, Mendexako produktuak salgai egongo dira.
Domekako jaia lanean ibili direnak zoriontzeko eta haiei eskerrak emateko aprobetxatuko dute: “Gure lanak oraingoan fruitua eman duela azaltzeko eta ospatzeko eguna izango da”.Alde batetik, Karraspioren babesaren alde lan egin duten guztiak zoriondu eta eskerrak emateko aprobetxatuko dute. Izan ere, inguruko herrietatik ere elkartasuna izan dute. Eta beste alde batetik, argi utzi nahi dute “oso adi” egon behar dela halako egitasmoen aurrean: “Horrelako proiektuak asko daude, ez bakarrik Mendexan edo Lekeition, baizik eta eskualde osoan, eta adi egon behar gara, eta luparekin begira jarraituko dugu”. Bai kasu honetan eta baita besteetan ere, halako proiekturik ez egoteko “jarraipen zehatza” egingo dutela nabarmendu dute.
Plataformako kideek horrelako proiektuak daudenean herritarrak parte hartzera animatzen dituzte: “Ikusten delako batzuetan posible dela halako astakeriak gelditzea; animatzea jendea jarraitzen eta adi egoten, eta planto egiten halako proiektu txikitzaileen aurrean, gure kostaldea eta inguru osoa babesteko”.
EGITARAUA:
- 09:30: Mendi ibilaldiaren hasiera.
- 12:00: Dzanga
- 12:30: Ekitaldia. Konpromisoaren argazkia.