Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoko Jai Batzordeak prest dauka San Migel jaietako egitaraua. Jaiak aurten, irailaren 25etik 29ra luzatuko dira, eta egitarau oparoa prestatu dute oraingoan ere. Ohiko ekitaldiez gain, herri afaria ere egongo da aurtengo jaietan estreinako.

Arretxinagako plazan jarriko dituzten mahaietan izango da afaria mus eta briska txapelketen ondoren.
Herri afaria irailaren 26an, zapatua, egingo da Arretxinagako plazan bertan. Menu berezia prestatuko dute: Entsalada oilasko, piña eta saltsa arrosagaz, solomoa garagardo saltsan patata frijituekin, postrea eta kafea. «Bertso bazkariak eta antolatu izan ditugu baina, aurten, lagunarteko giro onean afaltzeko aukera eskaintzea pentsatu dugu», azaldu dute Arretxinagako jai batzordeko kideek.
Afariko hitzordua 21:30ean jarri dute, «ume eta nagusiak ere joateko modura». Ostean, gainera, erromeria egongo da Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.
Beste urte batzuetan egin duten modura, mahai eta aulkiak jarriko dituzte Xemeingo udaletxe izandakoaren aurrean, eta afaria egiteko sukaldariak ekarriko dituzte Arretxinagara.
Txartelak salgai
Afarira joateko txartelak salgai dagoz dagoeneko Patxua tabernan eta Itxuarte janari dendan. Txartelak 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte helduek, 12 urtetik beherakoentzat, berriz, 10 euroko prezio berezia egongo da.
Arretxinagako jaietako herri afarian parte hartu nahi duenak, irailaren 22a izango du txartelak erosteko azken eguna.