Erik Mendizabal mutrikuarrak bere lehenengo partehartzea du Buruz-Buruko Munduko Txapelketan. Final laurdenetan asko estutu gabe irabazi zion Hormaetxea bermeotarrari (15-7, 12-5). Partidu osoan eroso ibili zen eta Hormaetxeak ezin izan zuen ezer egin Mendizabalen aurka. Asteburu honetan jokatuko dira txapelketako finalerdiak eta final handia.

Erik Mendizabal pilotari mutrikuarra. Argazkia: Gernika Jai Alai
Bihar, barikua, 19:30ean, Bilboko Deportivo frontoian hasiko den jaialdian, Mendizabalek, Goikoetxea handia izango du aurkari. Zumaiakoa historiako pilotari onenetakoa da, buruz buru jokatzen. Hamar bider irabazi du Banakako txapela, eta partida bakarra galdu du bakarrik buruz buru. 2004ko finalean izan zen, Bereikuaren kontra. Beste inork ez dio ikararik egin Zumaiakoari.
Goikoetxea da faborito barikuko finalerdietan, baina Erik Mendizabalen kontra ondo jokatu beharko du. Izan ere, zortzi urte dira jada Mendizabal Estatu Batuetara joan zela, eta Beaskoetxeagaz batera, Dania Jai Alai pilotalekuko izar handia da. Neurriak bikain hartu dizkio denbora tarte honetan Erik Mendizabalek Daniako frontoiari, eta bere kontra buruz buru jokatzea amesgaiztoa da askorentzat. Hala ere, Daniako frontoiak ez du zerikusirik Bilbokoarekin eta Goikoetxeak esperientzia handiagoa du, gainera, frontoi desberdin askotan jokatutakoa da eta Erik-ek bere ibilibide profesionala frontoi bakarrean zentratu du.
Goikoetxea faborito den arren, ikusmin handia sortu du Erik Mendizabal eta Goikoetxearen arteko lehiak. Azken horrek Zulaika gaztea kanporatu zuen finalerdietan. Ikusi egin beharko da Erik Mendizabal Goikoetxeari aurre egiteko moduan den. Goi mailako bi pelotari handi elkarren aurka, buruz buru jokatzen espezialistak.
Beste finalerdian, bestalde, Egiguren eta Olharan lehiatuko dira. Final handia domekan jokatuko da, Bilbon bai eta ere, 18:00etan.