Zapatuan [irailak 12] Mutrikuko frontoia inauguratuko dute, 22:00etan. Miruaitzen estreinaldia egiteko erarik aproposena pilotan jokatzea izango dela erabaki dute, eta hortaz,
Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek horrela proposatuta, zesta-punta jaialdia egingo da. Zehatz esanda, profesional eta afizionatu mailako bi partida jokatuko dira.

Mutrikuko udal langileak frontoi kanpoa konpontzen
Lehendabiziko partidan, Barandikak eta Salegik osatutako bikotea Alberroren eta Garitaren aurka ariko da eta partida nagusian, aldiz, Goikoetxeak eta Lekek osatutako bikoteak Forondaren eta Inzaren aurka neurtuko ditu indarrak.
Antolatzaileen esanetan, zapatuko partidetan “lehia eta emozioa” ziurtatuta daude, eta Mutrikuko eta inguruko herrietako pilotazale guztiak partida onez gozatzera gonbidatu dituzte. Sarrerak salgai daude frontoiko tabernan 10 euroren truke. Nahi duenak, tabernara deituta (943- 60 44 19) sarreren erreserba egiteko aukera ere izango du.

Miruaitz berritua
Berritze lanei dagokienez, hainbat aldaketa jasan ditu frontoiak abuztua eta iraileko lehen egunetan egindako mantenu lanei esker. Besteak beste, ezker pareta beste kolore batez margotu dute. Orain duen kolore deigarriari (gorri iluna) esker, pilota ikustea lehen aldean errazagoa dela diote bertoko arduradunek eta erabiltzaileek. “Frontoiari aldaketa bat ematea pentsatu genuen, eta kolorea ere aldatzea beharrezkoa zen horretarako. Orain pilota ondo ikusten da, eta argitasun gehiago du frontoiak”.
Ezker paretaz gain, aurreko horma ere berritu egin dute. Harri guztia zuloz josita zegoen, eta orain eraberritu egin dute. Era berean, beheko alde guztia itxuraz aldatu eta txukundu egin dute. “Azken 30 urteotan inolako eraberritzerik egin gabe egon eta gero, premia bazegoen”.

Frontoiaren itxura berritua
Beheko alde guztia berritu ondoren, goiko aldea falta dela adierazi dute arduradunek. “Orain sabaia aldatzea besterik ez da falta, baina lan handia dago hor. Dirua dagoenean izan beharko da hori. Hemendik lau urtera 100 urte beteko ditu frontoiak, eta gure ilusioa, ordurako dena berritua izatea da”.