Urtero egin bezala, gaurkoan [irailak 10] ere San Nikolas Eguna goi-goitik ospatu dute Mutrikuko Samikollako auzokoek. Santuari eskeinitako ermitaren aurreko zelaian meza eskaini du Aita Ramonek. Ermita ere, egun berezirako propio jantzita egon da, eta bertaratu direnek kandelak piztu diokiote santuari.

Samikolla auzoko boluntario kuadrilla
Herritarrak elizkizuna entzuten ari ziren bitartean, gainera, auzoko boluntarioak hamaiketakoan zerbitzatu dituzten txorizo pintxoak eta salda beroa prestatzen aritu dira ermita atzeko txosnan.
Meza amaitzeko, bertaratu diren guztiak eta San Nikolas egunean banatzen diren tolentinoak bedeinkatu ditu Aita Ramonek. Hain zuzen ere, Mutrikun ohitura da gaurko egunez bedeinkatutako ogi opiltxoak banatzea. Arrotu gabeko ogi zati txikiak dira, eta urte osoan zortea erakarri eta etxekoak babesten dituela uste da. Hori dela eta, hurrengo urtera arte etxean gordeta izaten dituzte askok. Herritarrek ez eze, arrantzaleek ere estimu handian dituzten opilak dira. Garai bateko arrantzaleek, tolentinoak uretara jaurtiten zituzten arrantzu onak eskatzeko.

Aita Ramon herritarrei bedeinkazioa ematen
Elizkizuna amaitu orduko, aldiz, goizeko unerik hunkigarriena etorri da: omenaldia. Aurtengo omenduak auzoko bikote bat izan dira. Jai batzordeko kideek azpimarratu dutenez, urtero “irizpide ezberdinak erabilita” zein omendu erabakitzen dute, eta aurtengoan Ramonita Osa
Moteri eta Fermin Andonegiri egokitu zaie saria jasotzea.
88 urteko Osak eta 91 urteko Andonegik bizi osoa daramate auzoan bizitzen, eta auzotarren aitortza ilusio handiz jaso dute. Ezustekoan harrapatu ditu biak, baina pozez gainezka jaso dute jai batzordeko kideek banatutako lore sorta ederra, auzotarrek abestutako zorion kanta eta txalo zaparrada.

Ramonita Osa eta Fermin Andonegi
Hain zuzen ere, atzo [irailak 9] bikotea ezkondu zela 60 urte bete ziren, eta gaurko saria atzoko ospakizunei jarraipena emateko balioko duela nabarmendu du Osak. “Santuari betidanik estimu handia izan diogu. Ezkondu ginenean, esaterako, nire lore sorta santuari eskaini nion”.
Urteroko hitzordura hutsik egin gabe etortzen da bikotea, gainera. “Iaz izan ezik, urtero hementxe egoten gara auzotarrekin batera santuaren eguna ospatzen. Iaz, tamalez, ezin izan ginen etorri. Senarra ospitalean zegoen-eta, baina aurtengoan, goi-goitik egingo ditugu ospakizunak”.

Omenduak lagun eta senideek batera
Eguerdian, omenaldira etorri diren hiru alabekin eta ilobarekin bazkaritan jarraituko dituzte ospakizunak. “Guztira, hamar bat lagun batuko garela uste dut”.
Omenaldia eta gero, bazkal ordua iritsi arte, auzotarrek lagun eta familia artean jai eguna ospatzen jarraitu dute gustura asko. Azkenik, Samikolla auzoko zozketa egiten amaitu dira aurtengo jaiak.

Zenbaki sarituak
Guztira, bi izan dira zozketako zenbaki sarituak. 2138 (lehen sariak) zenbakiaren jabeak Kalbaixon bi lagunentzako afari ederra jasoko du eta 2042 (bigarren saria) zenbakiaren jabeak Mutrikuko produktuekin osatutako otar bat jasoko du.