Kalbaixoko Kofradiak antolatuta, VI. Arno Trail Sprinta Race mendi lasterketa lehiatuko da domekan, Kalbaixo inguruetan zehar. Kirola egiteagaz batera, Mutrikuko Kalbaixo auzoa eta hango inguruak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Arno Trail Sprint Race mendi lasterketa. Argazkia: Kalbaixoko Kofradia
Kalbaixoko ermitaren ondoan hasiko da lasterketa 11:00etan, eta Laranga auzoa, Ibiri auzoa, eta Astigarribia auzoa zeharkatuko dituzte korrikalariek joan-etorrian, berriz Kalbaixon amaitzeko. Guztira, 7 kilometro eta erdi izango dira, 1.146 metroko desnibel metatuagaz. “Mendi lasterketa laburra da; gehienez ordu eta laurden inguruan egiteko modukoa”, azaldu dute antolatzaileek.
Dagoeneko izena emateko aukera zabalik dago
www.herrikrosa.com webgunean. Hala ere, bertan egunean ere eman ahal izango da 09:30etik aurrera, irteera gunean, Kalbaixoko ermitaren ondoan jarriko duten mahaian. “Lasterketa gogortxua da, mendian gora eta behera ibili behar delako, baina motza denez, aukera ona da mendi lasterketa bat probatzeko”, animatu dute Kalbaixoko Kofradiakoek. Gainera, ibilbidea “leku zoragarrietatik” igarotzen dela azpimarratu dute. “Kosta guztia ikusten da”, nabarmendu dute.
Sariak eta opariak
Lehenengo hiru neska mutilek izango dute saria, bai eta lehenengo beteranoek eta lehenengo mutrikuarrak ere. Horretaz gainera, partaide guztien artean hainbat afari eta opari zozketatuko dituzte. Kamisetak ere egongo dira parte hartzaile guztientzat. “Parte hartzaileak goiz on bat pasatu eta hemendik pozik joatea da gure helburua”, azpimarratu dute antolatzaileek.
SARIAK
Neska/Mutil
- 100 euro eta txapela
- 60 euro
- 40 euro
Lehenengo mutrikuarra: Txakolin kita