Irailaren erditik hasita, hamar ikastaro ezberdin egongo dira aukeran
Uhagon kulturgunean. Urterokoez gain, hiru eskaintza berri antolatu dituzte: Dantza Afro-Garaikidea, Ahotsaz Gozatu kantu ikastaroa eta konponketak eta kustomizazioa oinarri izango dituen josteko ikastaroa.
Dairi Brown dantzariak Dantza Afro-Garaikidea ikastaroa emango du Uhagonen. Argazkia: Uhagon
Dairi Brown kubatar dantzari profesionalak emango du Afrocuban dantza ikastaroa. Afrikako dantzak eta gaur egunekoak nahasiko ditu, eta dantzak erakutsi eta azalduko dituela aurreratu dute Uhagon Kulturguneko arduradunek.
Urritik abendura bitartean emango ditu klaseak, martitzenero, 19:00etatik 20:30era. Lehen hilabetean Yoruba dantzaren oinarrizko pausuak irakatsiko ditu, bigarren hilabetean Congoko dantzak eta hirugarren hilabetean Arara. «Dantzak ikasi nahi dituen guztiei zuzendutako ikastaroa da, ez da oinarririk eduki behar», azaldu dute.
Ahotsa erabiltzen ikasteko
Astelehenetan, izango dute hitzordua Uhagonen, bere ahotsa eta arnasketa landu nahi dutenek, lanbidean ahotsa asko erabiltzen dutenek, edo ahots teknika behar duenek. Itxaso Jaio Xemein Gazte Ahots Abesbatzako zuzendari, Xemein Abesbatzako abeslari eta musika irakasle markina-xemeindarra izango dute gidari. «Ez da abeslaria izan behar, bere ahotsa eta arnasketa landu nahi dituen orori zuzenduta dago ikastaroa», azaldu dute.
Beste alde batetik, konponketak eta kustomizazioa izango dira aurten, josteko ikastaroko ardatza. Lekeitioko jostun taldeko Ainize Altzibarrek emango ditu klaseak. Zerotik hasi eta bakoitzaren mailara egokitutako ikastaroa izango dela eta bakoitzak nahi duena egiteko aukera edukiko duela nabarmendu du.
Martitzenetan egongo da ikastaroa 18:00etatik 20:00etara.
Aukera gehiago
Ikastaro berriez gain, saloi dantzak, tai chi, eta gimnasia luzaketa klaseak ere jarraipena izango dute. Datorren astean hasiko dira hirurak: Astelehenetan saloi dantzak (salsa, merenge, rock and roll…) eta martitzen eta eguenetan tai chi eta gimnasia luzaketak.
Urrian hasiko dira, bestalde, sabel dantza, balleta eta dantza modernoa bai eta Aiko taldeak eskaintzen duen dantzaldi ibiltaria ere. Datorren martitzenean, 18:30ean, aurkeztuko du Aikok ikasturte berria. Aikoren dantza tailerra doakoa izaten da urri osoan gustukoa den ikusi ahal izateko eta azaroan ordaintzen da matrikula.
Ikastaro guztietako izen ematea Uhagon kulturgunean egin behar da, bulegoko orduetan (astelehenetik barikura 10:00etatik 13:30era eta arratsaldez, martitzen eta eguaztenetan, 15:30etik 19:00etara) bertara joanda, 94-616 63 03 telefono zenbakira deituta edo kulturgunea @uhagon.com helbide elektronikora idatzita. Betiko modura, Uhagoneko bazkideek beherapenak izaten dituzte. Hemendik abendura 15 euro da bazkide kuota.