Urregaraiko Santa Eufemi ermita eta zelaia jendez beteko dira datozen egunetan santuaren omenezko jaiak ospatzeko. Etzi, irailak 16, Santa Eufemi Eguna bera ospatuko da, astegunez joan ezin duenak baina, domekan, irailak 20, edukiko du inguru eta jai paregabeagaz gozatzeko aukera.

Jendea dantzan joan den urteko Santa Eufemi jaietako eromerian. Argazkia: Biotza Bilbao
Goiz ibili beharko dira Santa Eufemi ermitan meza entzun nahi dutenak, 10:00etan izango da-eta elizkizuna baselizan etzi zein domekan. Beranduago doazenek, urtero modura, goiko zelaian izango dute ordua 12:00etan.
Mezagaz gain, aurten ere ez dira faltako ermitara igoera, irrintzi txapelketa, bolo eta txapel jaurtiketa lehiaketak ez eta eguerdiko eta iluntzeko erromeriak ere. Esteibar eta Obietak jarriko dituzte dantzan zelaiko neska-mutilak eguerdian; iluntzean berriz, herriko plaza izango da geralekua lotuta eta soltean egiteko.
Erromeriez gain, Kaotiko, Gose eta Pixontxis taldeen kontzertua ere egongo da doan Aulestiko plazan, barikuan; eta ondoren, gaupasa Las Tea Party DJ-ekin. Lea-Artibaiko herri guztietatik Gababusa edukiko dute rock kontzertura joan-etorria egin nahi duten guztiek. Lea-Artibaiko udaletxeetan lortu ahalko dituzte txartelak.
Ohitura den modura, asko eta asko oinez igoko badira ere, Urregaraira autoz igo nahi dutenek kontuan izan beharko dute 11:00etatik aurrera Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxita egongo dela.
EGITARAUA
Eguaztena, irailak 16
10:00. Meza egongo da Santa Eufemia ermitan.
11:00. Ume eta gaztetxoen bolo topaketa.
12:00. Meza goiko zelaian.
12:00-13:00. Poniak zelaian (Zelai Alai).
13:00. Erromeria Esteibar eta Obietagaz.
16:00. Ume eta gaztetxoen txapel jaurtiketa.
17:00. Nagusien txapel jaurtiketa lehiatuko da (Gazte Asanbladak antolatuta).
20:30. Erromeria Obaneuke taldeagaz plazan.
Barikua, irailak 18
22:30. Rock Kontzertua: Kaotiko, Gose eta Pixontxis taldeak.
Ondoren. Gaupasa Las Tea Party DJ-ekin.
Domeka, irailak 20
10:00. Meza ermitan eta 12:00etan goiko zelaian.
12:45. Elkarretaratzea, zelaian, Euskal Preso Politikoen eskubideen alde.
13:15. Erromeria Esteibar eta Obietagaz.
13:30. 35. Ermitara igoera.
14:00. 26. Irrintzi txapelketa.
16:00. Bolo txapelketa.
20:30. Erromeria Sukar taldeagaz, plazan.