Galbaixo Txiki Eguna sukaldean hasi dute mutrikuarrek. Zehatz esanda, Txoko Eder elkarteak antolaturiko 25. marmitako lehiaketan batuta hasi dute eguna askorek.
Beheko Plazan batu diren 16 bikoteek osagai berdinekin prestatu behar izan dute lehiketara aurkeztu beharreko marmitakoa; gerokoan, talde bakoitzak bere era propioan prestatu du platera.
Kuadrillak marmitakoa prestatzen
Lehiketara aurkeztu diren bikoteek buru-belarri lanean jarraitzen zuten bitartean, erraldoien eta buruhandien konpartsak kalejiran irten du Goiko Plazatik. Herriko txistulariak lagun zituztela, kaleak girotzen ibili dira. Aurretik euren puxikekin parean aurkitzen zituztenak jotzen ibili dira Txotxolo, Txoro, Oker eta Alper buruhandiak, eta Urtzi, Mari, Sorgina eta Akerbeltz erraldoiak, aldiz, euren gona luzeak airean zituztela dantzan ibili dira nonahi.
Kalejira amaitu orduko etxeko txikienak zain egon diren unea heldu da. Mutrikuko Arno ganadutegiko zazpi zezen txikien aurretik saltaka ibili dira sokamuturrean gazteenak, eta gerokoan, pottoken gainean gozatzeko aukera ere eduki dute Goiko Plazan bildutako haurrek. Pottoken artean, pottoka kume bat ere ekarri dute ganadutegiko arduradunek, eta hura ikusten ondo baino hobeto pasa dute askorek.
Sokamutur txikia
Aldi berean, Mutrikuko Musika Bandak Galbaixoetako emanaldia eskaini du Beheko Plazan. Plaza bete jenderen aurrean kontzertu paregabea eskaini dute, eta ikusleek txalo zaparrada artean hartu dituzte musikariak. Ohi modura, eskainitako pieza ederrez gain, beste pieza bat jo dute han batutako guztien gozamenerako. Herritarrek pozik entzun eta abestu dute Mutriku herria azken kanta.
Eguerdiko ekimenei amaiera emateko, marmitako lehiaketako sariak banatu dira Beheko Plazan. Epaimahaia osatu duten kideek 16 marmitakoen artean onena aukeratzea zaila izan dela nabarmendu dute. Itxura, kolorea, salda eta zaporea kontutan eduki ondoren, Josebe Mendizabal Goxerriren eta Zigor Andonegiren marmitakoa onena izan dela iragarri dute antolatzaileek. 25. marmitako lehiaketako irabazleek pozik hartu dute 250 euroko saria eta txapela Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik.
Marmitako lehiaketako sarituak
Txapela soinean, irabazleak pozez gainezka agertu dira. “Ez genuen espero. Hain zuzen ere, ezustean harrapatu gaitu. Gure asmoa aurrean ibiltzea zen, baina lehen postua lortzea sekulakoa izan da, ez sinesteko modukoa. Beste batzuetan ere nahikoa aurrean ibili izan gara; besteak beste, hiru aldiz laugarren postua lortua genuen, eta aurten espero gabe gurea izan da lehen saria”, azaldu du Goxerrik.
Marmitakoa egiteko sekretuari dagokionez, aitak erakutsitako erara egin dutela nabarmendu du Mendizabalek. “Haren errezeta jarraitu dugu”.
Mendizabal eta Andonegi, aurtengo irabazleak
Azkenik, kuadrillek Piñastei Egunean bazkalduko duten marmitakoen enkantea egin da. Beheko Plazan batutakoek 40 eurotik gora egin ahal izan dute euren eskaintza; 80 eurotan saldu da irabazleen marmitakoa, guztien artean garestiena.
Jaietako bigarren sokamuturrean, ordea, ohikoa baino jende gutxiago batu da. Izan ere, euria dela eta, Arno ganadutegiko zezenen aurrean ez da jende gehiegirik saltaka egitera ausartu. Lurzorua bustita egon dela eta, gainera, korrikalariek kontu gehiago eduki behar izan dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.